Andoni Ortuzar EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidentearen arabera, "saskibaloiko esan bat erabiliz, [EAEko] legealdi hau zabor minutuetan dago, Jaurlaritzak ez duelako gobernatzen". Ondorioz, uste du erkidegoak "gobernu sendoa" behar duela, eta hori dela-eta Ortuzarrek baieztatu du EAJk astelehenetik bertatik ekingo dio euren lehendakarigaia hautatzeko prozesuari. Gutxienez, bi hilabete iraungo du prozesuak, haren arabera. Ez du hautagai posibleez hitz egin.
Eusko Legebiltzarrerako azkeneko hauteskundeak 2009ko martxoaren 1ean izan ziren. Juan Jose Ibarretxe izan zen orduan EAJko lehendakarigaia; hauteskundeak irabazi zituzten, baina PSE-EEk lortu zuen Lehendakaritza, PPren babesari esker.
Asteburu honetan Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko buru batzarretako presidenteak izendatuko ditu EAJk, eta EBB berria osatuta geratuko da orduan. Bost lurralde batzarretako lau presidente nortzuk izango diren argituta dago: Iparraldekoa Txaro Goikolea izango da —lehengo larunbatean erabaki zen—, Bizkaikoa Andoni Ortuzar bera, Gipuzkoakoa Joseba Egibar eta Nafarroakoa Manu Aierdi. Arabakoa baliteke Xabier Agirre izatea. EBBko presidente kargurako Urkullu hautatu zuten urte hasieran.
Astelehenean bilduko da EBB Sabin Etxean, ohi denez. Zuzendaritza berriaren lehen bileran bertan, mahai gainean izango dute Jaurlaritzako lehendakarigaia hautatzeko prozesua abiatzeko lana.
Ortuzarrek Infozazpi irratian esan du Patxi Lopezen gobernuak "kudeaketa txarra" egin duela. "Haien gestio ekonomikoa eta legegilea desastre hutsa izan da".