Politika

EAJko militante bati 480 euroko isuna jarri diote Ermuko Foroko kide bat jotzea egotzita

Iazko martxoan izan ziren gertakariak, Bilbon, Ibarretxe EAEko Auzitegi Nagusira deklaratzera joan zenean.

2008ko abenduaren 30a
19:18
Entzun
Alejandro Aranburu EAJko militanteari 480 euroko isuna jarri dio gaur Bilboko Epaitegiak, 2007ko martxoan Antonio Agirre Ermuko Foroko kideari ostikoa ematea leporatuta. Fiskaltzak, defentsak eta akusazioak akordioa lortu dute, eta ez da epaiketarik izan. Aranburuk 420 euroko kalteordaina ere ordaindu beharko dio hari, eta auzia kostatu den laurdena ere pagatuko du.

2007ko martxoaren 26an izan ziren gertakariak, Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria deklaratzera deitu zuen epaileak, 2006an Batasuneko zuzendaritzako kideekin hitz egiteagatik zabaldutako auzia dela medio. EAJko hainbat arduradunek eta militantek elkarretaratzea egin zuten auzitegi aurrean orduan -EA, EB eta Aralarrekoek ere bai-, Ibarretxeri babesa agertzeko. Ermuko Foroko eta Dignidad y Justiciako ordezkariak ere joan ziren hara, Jaurlaritzako lehendakariak Batasunekoekin hitz egin zuela salatzeko. Tentsio uneak izan ziren, eta Antonio Agirrek salatu zuen Alejandro Aranburuk barrabiletan ostikoa eman ziola.

Agirre bera inputatuta zegoen, baita Daniel Portero Dignidad y Justiciako presidentea eta Iñaki Ezkerrako Ermuko Foroko buru ohia ere, desordenu publikoak leporatuta -Ertzaintzak egotzi zien hori-. Libre utzi dira, kargurik gabe. Auzia kostatu den hiru laurdenak ordaindu beharko dituzte, dena den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.