Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldea asteazkenean hasiko da lanean alderdiek aurkeztutako txostenen gainean. Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak esan duenez, argi dago bi taldeek desberdin pentsatzen duten puntu ugari daudela, baina ondo begiratuz gero biak bat datozen puntuak ere badirela nabarmendu du. Beraz, haiei eutsi eta EAJrekin "gutxienekoen" inguruko adostasuna topatzeko aukerak badaudela esan du gaur, kazetariekin egindako gosari batean.
Haren arabera, bi taldeak ados daude egungo autonomia estatutuak ez duela balio eta estatus berriari buruzko erabakia herriarrek hartu behar dutela. Beraz, hortik abiatuta bide orri bat ados daitekeela uste du. Nolanahi ere, badaki hori lan nekeza izango dela, eta denbora asko beharko dela uste du. Horregatik, ez du uste hori egitea posible izango denik udazkenean legebiltzarra desegin eta hauteskundeetara deitu aurretik.
EH Bilduk ez du dudarik, eta 2016an estatus berrirako jauzia eman behar dela uste dute hango legebiltzarkideek, "herritarren bizimoduak hobera egin dezan". Iragarri dutenez, "justizia sozialean" ahalegin berezia egingo dute datozen hilabeteetan.