EAJrekin itundutakoaren jarraipena egiteko batzordea koordinatuko du Rubalcabak

Patxi Lopezen ustez, itunik ez lortzea «hondamendia izango zen denontzat, baita Euskadirentzat ere»

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko presidenteorde, eledun eta Barne ministroak jakinarazi du berak koordinatuko duela PSOEk EAJrekin eta Koalizio Kanariarrarekin (CC) izenpetutako 2011rako aurrekontu akordioa. Elena Salgado Ekonomia eta Ogasun ministroarekin eta Manuel Chaves presidenteordearekin banatuko du eginbeharra. Eta Rubalcabak berak ezin duenean, Ramon Jauregi arduratuko da jarraipena egiteaz. «Gobernuko eledun kualifikatua izango da Jauregi, beste gauza batzuen artean, ondo egiten duelako», esan du Rubalcabak, Gobernuko presidenteorde eta bozeramaile gisa egin duen lehen agerraldian.

Akordio hori hartu du hizpide Patxi Lopez lehendakariak ere Eusko Legebiltzarrean, Ezker Batuak horri buruz galdetuta. Esan du pozik dagoela akordioarekin, etaaurrekontuak EAJ-PSOE akordioari esker egongo direla. «Kritikak entzuten ditut, baina ez dut inor entzuten esaten zer gertatuko litzatekeen lehengo asteartean Espainia aurrekonturik gabe geratu izan balitz. Hondamendia izango zen denontzat, baita Euskadirentzat ere». Eta EAJri ongietorria eman zion, «Estatua garatu nahi dutenen klubean» egoteagatik. Mikel Arana EBko koordinatzaileak egindako galderari erantzun zion Lopezek. EBk kritikatu egin du Lege Organiko batean esku hartzeko zeuden eskumenak trukerako txanpon bihurtu izana aurrekontuen negoziazioan. Eta, gainera, jarraipen batzordean EAJ eta Espainiako Gobernua egongo dira, eta Eusko Jaurlaritzak parte-hartzerik ez izatea salatu du.

Eusko Alkartasuneko Juanjo Agirrezabalaren iritziz, EAJ PSOErekin hitzarmena lortu eta gero «autonomismoan ezarri da, eta lurperatu egin du Ibarretxeren Estatutu Politiko Berria».

Agirrezabalak gogora ekarri du EAJk duela gutxi esan zuela «Estatutuaren janzkia txikia» geratu zitzaiela. EA beste jokaleku bati begira lanean ari dela berretsi zuen. «Lanean ari gara ideia guztiak aurkeztu eta burutan atera daitezkeen jokaleku baten alde». Eta EAJri eskatu zion subiranismoaren bidean elkarlanean aritzeko aukeraz baliatzeko, «gatazka politikoa konpontzea zailtzen duen eredu autonomistari eusten jarraitu ordez».



«EAJk funtsezko zeregina du prozesuan», Tasio Erkiziaren arabera

Aukera guztiek posibilitate berak izango dituzten jokaleku batera iristeko,Euskal Herriko eragile nagusiek esku-hartze erabakigarria eduki behar dute, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidearen ustez. «Eta EAJk, ezbairik gabe, eginkizun nagusia dauka prozesuan». Zintzotasunez eta ausardiaz aritzeko prest dauden eragile politiko eta sozial guztien artean banatu behar da protagonismoa eta konpromisoa. «Eta, ildo horretan, EAJk, hauteskundeetan duen pisuagatik,garrantzia berezia dauka». Noticias taldean atzo argitara emandako iritzi artikulu batean esan zuen hori. Eta «euskal estrategia hitzartzeko» eskatu dio Euzko Alderdi Jeltzaleari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.