Urtero legez, EAJk Bilbon ospatuko du Aberri Eguna, datorren domekan. Andoni Ortuzar BBBko presidenteak bihar jakinaraziko ditu xehetasunak. Dena dela, alderdiak gaur plazaratu du Aberri Eguneko agiria, eta aurtengo ekitaldia "inolako bortxakeriaren mehatxurik gabe" egin ahal izango dela esan du, ETAk iazko urriaren 20an bere jardun armatua bukatu duela iragarri zuela eta. Bide batez, alderdi jeltzaleak oharrean iritzi dio "zinezko bakea, bake osoa, Euskadin oraindik urrun" dagoela.
ETAk borroka armatua bukatzea "urrats handitzat" du EAJk. "Aitzakiak amaitu dira, zelai zabalari hesiak jarri zizkiotenentzat eta autodeterminazio jardun demokratikorako bidean bortxakeria justifikatu zutenentzat. Ez dago Euskadi nazio gisa aurrera egitea eragotziko duen aitzakiarik".
"Euskadi berrirako estatus berria" aldarrikatu du, "nazio berria gizarte beharrizanei aurre egiteko gai izango dena".
EAJren ekitaldia Plaza Barrian izango da eta Iñigo Urkullu EBBko buruak egingo du hitzaldia, 11:30etik aurrera.
Ezker abertzalea, Aralar, EA, AB eta Alternatiba Iruñean izango dira igandean, Independentistak sarearen ekitaldian. Larunbatean Donazaharren euren agerraldia egingo dute.