Politika

"EAJren botere goseak ez du mugarik", dio Azpeitiko ezker abertzaleak

Inazio Uriaren hilketaz eta ondorengo gertakariez azalpenak emateko agerraldia egin du. "EAJ PSOE eta PPren arrazoi eta helburu beraietan oinarrituz" ari dela salatu du, Iñaki Errazkin alkatearen kontrako zentsura mozioa dela-eta. Sufrimendua bukatzearen eta konponbidea lortzearen alde egin du.

Uztarria.com
2008ko abenduaren 13a
16:52
Entzun
Udaleko ezker abertzaleko taldeak bezala, Inazio Uriaren "hilketak" "samina eta tristura" eragin duela adierazi du gaur Azpeitiko (Gipuzkoa) ezker abertzaleak, han egindako ekitaldian, eta "euskal herritarron eskubide indibidual eta kolektiboen ukazioa" dagoela deritzo (agiri osoa uztarria.com-en). "Horrek sortzen du gatazka. Korapilo hori askatzetik etorriko da konponbidea". ETAk hil zuen Inazio Uria Altuna y Uriako enpresaburua abenduaren 3an, Azpeitian, tiroz.

Ezker abertzaleren ustez, "Azpeitiko eta Euskal Herriko biztanleek sufrimendua amaitzeko eta konponbidearen aldeko lanean murgiltzeko eskatzen diete alderdi politikoei". Berak horrekin bat egiten duela esan du, eta egoera gainditzeko "eskaintza politiko argia, egingarria eta erreala" egina daukala; "ezinbestean euskal herritarron erabakitze eskubidea aitortuko duena".

Bide hori egiteko eragozpenak dituela adierazi du, "ezker abertzalearen kriminalizazioa eta bazterketa politikoa bilatzen dutelako, ezker abertzalearen proiektu politikoa mapatik desagerrarazteko helburuarekin".

Eta, PSOEz eta PPz gain, EAJ kritikatu du. "EAJren botere goseak ez du mugarik. Lehen egunetik abian jarri zuten udal gobernuaren aurkako operazio politikoari forma ematen ari da". Ezker abertzaleak dio EAJk hori ezin izan duela Azpeitian gauzatu eta "Gasteizko bulegoetan kudeatu nahi" duela, "Azpeitiko herritarren borondatearen gainetik; PSOE eta PPren arrazoi eta helburu beraietan oinarrituz".

Hain zuzen, lehengo ostegunean Gasteizen hitzartu zutenez, EAJk eta EAk Iñaki Errazkin alkatearen aurkako zentsura mozioa aurkeztuko dute, jeltzaleen ekimenez, eta EAJk hartuko du alkatetza.

Udaleko ezker abertzaleko taldeak iazko ekainean EArekin eta Aralarrekin akordioa egin zuenetik, Errazkin da alkatea. EAk eta Aralarrek udal gobernua utzi zuten lehengo astean, Errazkinen taldeak ez zuelako Uriaren hilketaren "gaitzespen argirik" egin. Azpeitiko ezker abertzaleak gaur azaldu du EA-Aralarrekin adostutako gobernu akordioa "osotasunean" bere egiten jarraitzen duela. "Abian jarritako bideak atzeraezina beharko luke izan".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.