EAJren eta BNGren botoei esker lortu du PSOEk datorren urterako aurrekontuek Espainiako Kongresuko lehen tramitea gainditzea. Hain zuzen ere, proiektuaren kontra aurkeztutako osoko zuzenketa guztiak atzera bota dituzte gaur goizean, PSOEk, EAJk eta BNGk zuzenketa horien kontra bozkatu dutelako. PPk, CiUk, IUk, CCk eta UPyDk aurkeztu dituzte osoko zuzenketak; EAJ eta BNG izan dira, berriz, aurrekontuak aurrera ateratzeko lehen tramitean PSOE babestu duten alderdi bakarrak.
Funtsean, iragarritakoa bete dute EAJk zein BNGk. Jeltzaleek ostiralean lotu zuten aurrekontuen inguruko oinarrizko akordioa PSOErekin, eta atzo sinatu zuten. Kongresuan aurrekontu egitasmoaren inguruko eztabaida hastearekin bat izenpetu zuten akordioa bi alderdiok, goizean. Lortutako itunaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak 126 milioi euroren balioko eskumenak jasoko ditu urtero, eta Zapateroren gobernuak, berriz, behar adina babes jasoko du datorren urteko aurrekontuak aurrera ateratzeko. Izan ere, EAJko sei diputatuk gainerako talde parlamentarioen zuzenketen aurkako botoa eman, eta aurrekontu egitasmoaren alde bozkatuko dute gaur. EAJren eta BNGren zortzi botoekin, PSOEk aurrera aterako ditu 2009ko aurrekontuak.
Sozialistek eta jeltzaleek erdietsitako akordioak lau puntu nagusi ditu. Batetik, Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza eskuduntza Jaurlaritzaren esku geratuko da, nahiz eta Espainiako Gobernuarekin koordinatuta kudeatuko den. I+G+(b)ko transferentziagatik 86,8 milioi euro jasoko ditu urtero Jaurlaritzak Espainiako Gobernuaren eskutik. Bestetik, Ertzaintzaren erretiroa aurreratua 60 urtekoa izango da, Espainiako Poliziarekin parekatuz. Ogasun Ministerioak 30 milioi eurorekin finantzatuko du neurria. Horrela, Espainiako Poliziaren eta Ertzaintzaren artean arlo horretan zegoen «desberdintasuna bukatuko» dela esan du Jose Antonio Alonso PSOEko bozeramaileak.
Bestetik, Pasaiako (Gipuzkoa) kanpoko portua egiteko 9 milioi euroko diru saila bideratzeko konpromisoa ere lortu dute EAJk eta PSOEk. Eta, horrekin batera, telefono mugikorrentzat frekuentziak banatzerako orduan, Jaurlaritzak banda bat kudeatzeko aukera ere izatea hitzartu dute.
Akordio "onuragarria"
Lortutako hitzarmena ona dela nabarmendu dute EAJk eta PSOEk, egonkortasun ekonomikoa bermatzeak «konfiantza eta lasaitasuna» eragingo duelako herritarren artean. Hala, Josu Erkoreka EAJko diputatuarentzat ezin hobea da akordioa, «Euskadiko egitura ekonomikoaren modernitatearen zutabeak ezartzeko» balio izango duelako.
Eusko Jaurlaritzarentzat ere «baikorra eta onuragarria» da hitzarmena. Miren Azkarate eledunak esan du krisialdi egoeratan akordioak lortzeak «konfiantza eta egonkortasuna» ematen dietela gizarteari eta enpresa munduari. EBrentzat, berriz, motz geratu da akordioa. Oraindik zintzilik dauden transferentziak esku aldatzeko aukera galdu du EAJk, Mikel Aranaren esanetan. «Ikuspegi merkantilista horrek kalte egiten dio Estatutuaren irudiari, euren arteko mesedeen truke moduan erabili dutelako».
Espainiako aurrekontuak
EAJren eta BNGren botoei esker bota dituzte atzera osoko zuzenketak
Iragarri bezala, Espainiako Gobernuak 2009rako proposatutako aurrekontuek lehendabiziko langa gainditzea erraztu dute jeltzaleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu