Nazionalismoa

EAJren "izaera instituzionala" nabarmendu du Ortuzarrek

Sabino Arana Fundazioak antolatutako hitzaldi batean, EBBko presidenteak esan du etorkizuneko erronkak hiru direla: krisi ekonomikoa gainditzea, indarkeriak utzitako zauriak ixtea eta autogobernuaren arloan "ahalik eta akordiorik zabalena" lortzea.

Andoni Ortuzar, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE, ARGAZKI PRESS
gotzon hermosilla
2017ko ekainaren 7a
08:58
Entzun

Ehun urte bete dira jeltzaleek, orduan Comunion Nacionalista Vasca izenpean, lehenengo aldiz gehiengo politikoa eskuratu zutenetik instituzio batean, Bizkaiko Foru Aldundian hain zuzen ere. Horretan oinarrituta, "EAJ, euskal nazioaren sustrai eta kimu" izeneko hitzaldia egin du Andoni Ortuzarrek, eta EAJren ibilbidea eta gaur egungo egoera aztertu du.

Esan duenez, "instituzioak sortzea" izan da beti EAJren jokabidea: "Batzuek diote alderdi kudeatzailea garela; nik esango nuke alderdi sortzailea, eraikitzailea garela. Gure izaeraren ezaugarria da erakundeak sortu eta haietatik eraikitzea", azaldu du.

Pozik eta harro agertu da EAJren egungo egoeraz: esan duenez, EAJrena "panorama politikoaren egoerarik osasuntsuena" da, gogora ekarri du erakunde gehienetan agintari daudela eta inoizko botere kuotarik handiena dutela, eta PPrekin lorturiko akordioaz ere harro agertu da, "autogobernuaren eta lurraldetasunaren ikuspegitik" oso akordio ona dela iritzita. Arrakasta horren arrazoiak "sustraiak herrian edukitzea, komunitateari zerbitzatzeko jaidura, zintzotasuna eta alderdi irekia izatea" dira, Ortuzarren aburuz.

Arriskuak ere aipatu ditu Ortuzarrek, Europaren proiektuak azken bolada honetan harturiko norabidea edo azken joera politikoak esaterako, eta abertzaletasuna berriztatzearen alde agertu da, "etorkizunerako proiektu" gisa sendotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.