"Ikurrin handi bat igotzeak ez du ezkutatzen ezker abertzaleak, legalki behartuta zegoelako bada ere, Espainiako bandera jarri duela aldundian". Ardura bere egin, eta ikurrina "babesteko tresna gisa" ez erabiltzeko eskatu dio Gipuzkoako EAJk EH Bilduri.
2010ean plaka bat jarri zuten Gipuzkoako Aldundiaren egoitzan, Espainiako bandera jartzeko aginduaren kontrakoa. EAJ, Bildu eta Aralarren botoen babesarekin jarri zuten, baina, urtebete geroago, kendu egin behar izan zuten, Espainiako Auzitegi Gorenaren aginduz. Plakarik jartzekotan, 2010eko hark zeraman testua eraman behar lukeela esan diote jeltzaleek EH Bilduri, duela bi urte baino gehiago berriz ere horrelako plaka bat jartzea adostu zutelako Batzar Nagusietan.