EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK

EAJrentzat bi aukera baino ez daude: "Urkullu edo esperimentuak"

Urkulluren irudiaren inguruan egituratuko du bere kanpaina EAJk. Azken lau urteetako kudeaketa eta beste alderdiekin akordioak egiteko gaitasuna nabarmendu dute.

EAJren EBBko Joseba Aurrekoetxea eta Mireia Zarate, kanpainaren aurkezpenean. MIGUEL TOñA (EFE)
jokin sagarzazu
2016ko abuztuaren 29a
08:42
Entzun

Azken lau urteetan Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandako Iñigo Urkulluren irudiaren inguruan egituratuko du bere hauteskunde kanpaina EAJk. “Bi aukera baino ez daude: Urkulluren esperientzia edo esperimentuak”, azaldu dute kanpainako arduradunek.

Eraiki Euskadi izango da leloa eta irudia, berriz, Urkulluren argazki bat alkandora hutsean eta mahukak jasota, mitin batean. EAJren arabera, hiru hitzetan laburbil daiteke Urkulluren hautagaitza: “koherentzia, kohesioa eta itxaropena”: “Urkulluk konpromisoa irudikatzen du. Baita konfiantza ere. Herri hau aurrera atera du krisiaren unerik gogorrenetan. Uneoro eta guztiekin akordioetara heltzeko gaitasunari esker lortu du hori”.

EAJren Euzkadi Buru Batzarreko idazkari Mireia Zaratek eta antolakuntzak arduradun Joseba Aurrekoetxeak aurkeztu dute kanpaina, Bilboko Sabin Etxean. Aurrekoetxeak azaldu duenez, kanpaina “xumea” egingo dute, “hurbila, zuzena eta jendearen nekearekiko koherentea”. “Espainian dagoen blokeoak eta desadostasun giroak hemen ere daukate eragina, eta euskal gizartea gogaituta eta aspertuta dago horrekin. Horren aurrean, kanpaina garbi bat nahi dugu, bakoitzak bere proposamenak aurkezteko eta herri honentzako proiektua duela erakutsi ahal izateko".

UrkulluFest

Hauteskunde-programa, irailaren 7an aurkeztuko du Urkullu lehendakarigaiak, Gasteizen, eta hurrengo egunean hasiko du kanpaina, hiri berean. Ixteko ekitaldia irailaren 23an egingo du Bilbon, Arriaga plazan. Bitartean, 250 ekitaldi baino gehiago egingo dituzte. Ekitaldi nagusia Gasteizen egingo dute, irailaren 17an, larunbata; Donostian, berriz, igande goizean izango dira, irailaren 18an. “Berrikuntza gisa”, irailaren 10ean, Bilbon egingo duten “mitin-jaia”: U fest (Urkullu festibala). Casilda Iturrizar parkean egingo dute, egun osoan zehar. Mezu politikoa, musika, kultura, gastronomia eta entretenimendua uztartuko dituzte, “jai giroan”. Egun horretan, eguerdiko ordubatetatik gaueko hamabietara bitartean, “milaka pertsona” batzeko asmoa dauka EAJk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.