Julian Eizmendi EAJko kidea izango da Azpeitiko alkate berria, Iñaki Errazkin ezker abertzaleko taldeko kidearen partez. Izan ere, gaur 17:54an EAk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, EAJren zentsura mozioaren proposamena babestea erabaki du. Hala, biek aurkeztuko eta aterako dute aurrera mozioa. Eizmendi 2003-2007 legealdian ere izan zen Azpeitiko alkate, eta 2003tik EAJ eta EAren Udalbiltzako lehendakaria da.
Dena den, EA ez da sartuko udal gobernuan EAJrekin, eta honek gutxiengoan gobernatuko du. Oposizioan geratuko da Eusko Alkartasuna.
"Inazio Uria herriko semearen hilketa gaitzestu ez duen alkateak gobernatzen jarrai ez dezan sartuko dugu EAJrekin mozioa", dio EAren oharrak. ETAk hil zuen Inazio Uria Altuna y Uriako enpresaburua, abenduaren 3an, Loiolan, tiroz. "Alkate horrek ezin du kargu horretan egon. Beharrezkoa da aldaketa ahalbidetzea", esan du EAk gaur arratsaldean.
Lehengo asteazkenean bertan EAk udal gobernutik irten zuen, eta gaur hartu du gaurko alkatea kentzeko erabakia.
EAk ETA kritikatu du prentsa oharrean, "ANVk eta EAk klabe abertzale eta aurrerakoian Azpeitian egindako lana hankaz gora bota duelako".
Goizean egin dute bilera, Gasteizen
EAJk eta EAk bilera egin dute gaur goizean Gasteizen, Inazio Uriaren hilketa dela-eta Errazkin alkatearen aurkako balizko zentsura mozioaz hitz egiteko.
EAJtik Iñigo Urkullu presidentea, EAJko Gipuzkoako kide bat eta Azpeitiko EAJko beste kide bat egon dira bileran, berri agentzien arabera, eta EAtik Unai Ziarreta presidentea eta Rafa Larreina zuzendaritzakidea.
EAJ lehengo astetik prest azaldu da mozioa sartzeko, baina gutxienez beste zinegotzi baten babesa behar du. Izan ere, zentsura mozioa aurkezteko eta honek aurrera irteteko gehiengo osoa behar da, eta EAJk ez du halakorik Azpeitiko Udalean. Zortzi zinegotzi ditu eta bederatzi behar dira, hamazazpi zinegotzik osatzen dutelako herriko Udala. EAk bi hautetsi ditu eta Aralarrek bat. Ezker abertzaleko taldeak -horko kide da Errazkin alkatea-, sei.
Aralarrek joan den asteburuan jakinarazi zuen ez duela halako moziorik babestuko.
Ezker abertzaleko taldea Uriaren hilketaz geroztik bakarrik dago udal gobernuan, EAk eta Aralarrek utzi egin zutelako, talde hark gaitzespenik ez zuelako egin. Iazko ekainetik egon ziren hirurak gobernuan.
Politika
EAk babestu egingo du Azpeitiko zentsura mozioa, eta EAJk hartuko du alkatetza
Julian Eizmendi izango da alkate, Iñaki Errazkin ezker abertzaleko taldeko kidearen partez. EAJk eta EAk bilera egin dute gaur. Jeltzaleak bakarrik egongo dira udal gobernuan, EA ez baita sartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu