Peio Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak ez du gaur goizean Bildu balizko koalizioaren inguruan ezer esan nahi izan. Azken orduetan izen horrekin EA, ezker abertzalea eta Alternatiba bildu egingo direla zabaldu dute albiste agentziek, alderdi horietako iturriak aipatuz. Urizarrek ez du ezer argitu, baina EAren apustua biltzearen aldekoa dela esan du, "betorik gabekoa".
Gaur arratsaldean Lizarran (Nafarroa) EAk aurkeztuko duen Herritarron Garaia plataforma gogoan, Urizarrek esan du garbi dagoela eta agerikoa dela "elkartzeko eta emateko" borondatea dagoela. "Hori da gure naha, aspalditik azaltzen ari garena, eta etorkizunean hortik sortzen dena jakinaraziko dugu dagokionean", gaineratu du Urizarrek. Azkenik, Nafarroan bezala, beste leku batzuetan ere biltzearen aldeko filosofia ere balezkoa izan daitekeela.
Albiste agentzien informazio horrek hainbat erreakzio sortu ditu gaur goizean, nahiz eta publikoki inork ez dituen baieztatu. Pello Gonzalez Hamaikabateko kideak esan du aspalditik espero zen zerbait dela. Antonio Basagoiti EAEko PPko buruak esan du "izena dena delakoa ere" orain arteko jarrerari eutsi behar zaiola.