Pello Urizar Eusko Alkartasuneko idazkari nagusiak urrats handitzat jo du ezker abertzaleak herenegun kaleratutako agiria. Haren arabera, "berritzailea eta ausarta" da adierazpena, eta "beste etapa bat" zabaldu du Euskal Herriko politikagintzan. "Ekarpena ezin dugu pasatzen utzi, lan egin dezagun indarkeriarik gabeko gizarte aske baten alde, non herritarren babesa duten proiektu guztiak egingarri izan daitezkeen", esan du Urizarrek.
Alderdi politiko subiranistak batzeko bidea zabalik dela uste du EAko idazkari nagusiak. "Indar subiranista guztien artean erabateko adostasuna dago soilik bide zibil eta demokratikoekin aurrera egiteko". Izan ere, Urizarrek uste du ezker abertzaleak indarkeria "deslegitimatu" egin duela. "Ezker abertzalea ez zen inoiz hitz horiekin agertu, eta are gutxiago su etenik gabeko garaian". Hartara, agiriaren garrantzia nabarmendu du: "Oso garrantzitsua da, aldebakarreko apustua baita, ETAri itxaron gabe egindakoa".
Elkarlana gauzatzeko, elkarrizketak hastearen alde egin du EAk. "Unea da eragile guztiak harremanetan hasteko eta mugimendua zer izango den erabakitzen hasteko".
POLITIKA
EAk dio jadanik ez dagoela oztoporik subiranistak batzeko
Pello Urizarrek urrats handitzat jo du ezker abertzalearen agiria, "berritzailea eta ausarta" delakoan. "Indar subiranista guztien artean erabateko adostasuna dago soilik bide zibil eta demokratikoekin aurrera egiteko", esan du. Elkarrizketak hasteko unea dela uste du Urizarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu