EAk dio prozesua luzea izan arren ETAk berehala mugitu behar lukeela

Pello Urizarrek esan du pauso horren atzetik borondatea agertu behar dutela beste eragileek ere

Erredakzioa
Bilbo
2010eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
«Bere denbora» beharko du prozesuak, Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren irudiko. Hala ere, haren esanetan, bada «beharrezkoa» den eta gehiago luzatu ezin den urrats bat: ETAk «su-eten mugagabe, alde bakarreko eta egiaztagarria» ematea. Ohartarazi du gainerako eragileek ere erakutsi beharko dutela prozesuan aurrera egiteko «borondatea» badutela erakunde armatuak pauso hori ematen duenean.

Onda Vascan egin dioten elkarrizketan esan du, Bruselako Adierazpenaren sinatzaileek eta Gernikako Akordioarekin bat egin zutenek eskatu gisan, ETAk su-eten egiaztagarria ematea urrats garrantzitsua dela, baina, ezinbestekoa izanagatik, ez delaeman beharreko pauso bakarra. «Beste eragileek ere frogatu egin behar dute aurrera egiteko borondatea dutela, eta beldur gara badirela eragile batzuk oraindik ere borondate hori ez dutenak». Sortzen ari den agertokiari hauteskunde ikuspuntutik bakarrik begiratzen diote eragile horiek, Urizarren irudiko. Izan ere, Urizarrek argi ikusten du, «ziklo politiko berria» abiatuko balitz, gaur egun Eusko Legebiltzarrean dagoen «gehiengo antinaturala» ez litzatekeela errepikatuko.

«Aurreneko urratsa ETAk egin behar duela badakigu, baina beste alde batetik beste urrats batzuk egin behar direla ere bai», esan du Urizarrek. Eusko Alkartasunak hori gerta dadin lan egingo duela gaineratu du.

Zentzugabekoa iruditzen zaio PP eta PSOE Espainiako Diputatuen Kongresuan Alderdien Legea aldatzeko ekimena aurrera ateratzeko lanean aritzea. Gertatzen ari dena gaizki ulertu dutelako ari dira horretan bi alderdiak, Urizarren irudiko. Ezker abertzalea bozetan aurkezteko asmo hutsez ari dela ulertuta ikusten ditu PP eta PSOE, baina gertatzen ari dena ez da hori, Urizarren esanetan. Gainera, haren ustez, «argi geratzen ari da» ezker abertzalearen borondatea «bere marka propio eta legezkoarekin» aurkeztea dela, eta ez «bozetan parte hartzeko tranpa egitea». Gaineratu duenez, alderdi berri bat eduki ahal izateko«injustua» iruditzen zaion Alderdien Legea bete beharko duela jakinda hartu du erabaki hori ezker abertzaleak, Urizarren esanetan.

«Sortuko den egoeran» gizartearen gehiengoak «ildo ez konstituzionalista» jarraituko duela ikusten du EAko idazkari nagusiak, eta, horregatik, Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariaren proiektua «bukatuta» geldituko dela. Horregatik, ari dira bi alderdiok ezker abertzalea erakundeetatik kanpo uzteko eginahaletan, Urizarrek ulertzen duenez.

2011ko Udal eta Foru hauteskundeetarako EA «zerrenda propioak» osatzen ari dela berretsi du Urizarrek, baina, aurretik esan izan duen bezala, «ilusioa sortzen duen» proiekturik balego, gustura hartuko lukete han parte. Haren alderdia duela urtebetetik «gune soberanista indartsu bat» sortzearen alde dagoela ekarri du gogora Urizarrek: «Ilusioa eragiten duen zerbait sortze aldera batzeko eta ekarpenak egiteko aukera balego, EA hor egongo litzateke, batzen eta ekarpenak egiten».

PP: «Ez dago borondaterik»

Bestela ikusten ditu gauzak PPk. Javier de Andres Arabako PPren idazkari nagusiak ez du ezker abertzalearengan «borondaterik» ikusten ETArengandik bereizteko. Ezker abertzaleko buruzagiek espero dutena ETA «agian desagertzea», eta herritarrek «gertatutakoa ahaztea» dela uste du PPko buruzagiak.

Radio Euskadin egin zioten elkarrizketan esan zuen «onena» Alderdien Legeak «beharrezkoa ez delako erabilgarritasuna galtzea» izango litzatekeela. Baina hori gertatzea «zaila» izango dela uste du. Gainera, ezker abertzalea bozetan egoteak PPri inolako eraginik ez diola egiten esan zuen: «Ezker abertzalearekin boto bakar batean ere ez gara lehiatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.