politika

EAk eta Alternatibak Hego Euskal Herrirako hauteskunde eskaintza sortu nahi dute

Pello Urizarrek eta Oskar Matutek bilera baten ostean jakinarazi dute "eremu denetako ezkerreko subiranistekin harremanak" egingo dituztela egunotan. "Lekukoa" hartu diote EAk eta Herritarron Garaiak Nafarroan lortutako akordioari. 

2011ko martxoaren 29a
17:58
Entzun

EAk eta Herritarron Garaia plataformak Nafarroarako sortuko duten hauteskunde eskaintzari "lekukoa" hartu diote gaur EAk eta Alternatibak, eta bozetarako eskaintza hura Hego Euskal Herri osorako sortzeko lan egingo dutela esan dute. Horrela, "pertsona guztien eskubideak errespetatuko dituen Euskal Herriagatik borrokatzeko erantzun sendoa eta baterakoia" emango dutelakoan daude, azpimarratu dutenez.

Pello Urizar EAko idazkari nagusiak eta Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak bilera bat egin dute Bilbon, eta jakinarazi dute "eremu denetako ezkerreko subiranistekin harremanak" egingo dituztela datozen egunetan, hauteskunde eskaintza "ahal den zabalena" izateko. "Sigletatik haratagoko" mugimendua eratu nahi dute, "betorik eta bazterkeriarik gabekoa". Maiatzaren 22an izango dira udal eta foru bozak.

Euskal Herrian "aldaketa politikoa eta soziala" sustatuko dutela esan dute Urizarrek eta Matutek, eta, horretarako, "bide politikoak, baketsuak eta demokratikoak" erabiliko dituztela.

Ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak Hego Euskal Herrirako akordioa aurkeztu zuten urtarrilaren 16an: Euskal Herria ezkerretik

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.