Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

EAk eta Aralarrek ez dute Lopez babestuko

PSE-EEk gaur hasi du, EA eta EB hartuta, Eusko Jaurlaritzako lehendakaritza lortzeko bere bilera saila. Aralarrekin ere batzartu da gaur, bihar PPrekin eta etzi UPDrekin; EAJk uko egin dio biltzeari. Azkenean hautagaia Lopez baino ez bada, EA abstenitu egingo dela esan du Larreinak. Aralarko Ezenarroren esanetan, "PPren babesa duen hautagai bati" ez diote babesik emango.

2009ko martxoaren 11
19:15
Entzun
PSE-EEk gaur hasi du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondorengo bere bilera saila, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari izateko babesak lortzeko asmoz, eta EA hartu du aurrenik. Baina honek jakinarazi dio ez duela "inola ere" Lopez babestuko, Juan Jose Ibarretxe EAJko lehendakarigaia baizik, "baldin eta EAJk Ibarretxe aurkeztuko balu azkenean".

Dena dela, hautagaia Lopez baino ez bada, EA abstenitu egingo dela esan du Rafa Larreinak, eta harekin eta beste alderdiekin unean uneko akordioak lortzeko prestutasuna agertu du.

Joseba Azkarraga eta biak joan dira PSE-EErekin bilera egitera, eta 40 minutuz batzartu dira. Larreinaren ustez, PSEk PPrekin "ituna sinatua du dagoeneko", eta EAk "planteamendu subiranistak eta ongizatearen akdekoak" defendituko dituela esan du.

PSEk ondoren EB hartu du -Mikel Arana eta Igor Irigoien joan dira hemendik-, eta EBk adierazi du sozialistek PPrekin akordioa lortzen duten ikusi nahi duela inbestiduran zer boto eman erabakitzeko.

Lopezen alderdiak Aralar ere hartu du gaur, bihar PP eta UPD etzi. EAJk uko egin dio sozialistekin biltzeari, horiek PPrekin akordioa egina dutela garbi duelako eta "itxurak egiteko" deitu dutela uste duelako.

Aralarrekin 70 minutuko bilkura egin dute PSE-EEko ordezkariek. Aintzane Ezenarro, Patxi Zabaleta eta Jon Abril bildu dira sozialistekin. Geroago Ezenarrok azaldu du ez diotela "PPren babesa duen hautagai bati [Lopezi] babesik emango". "Gehiengo abertzalea duen herri batean frontea [espainolista] irekiko den kezka dugu", gaineratu du.

Emaitza ofizialen arabera, EAJk 30 legebiltzarkide ditu, PSE-EEk 25, PPk 13, Aralarrek 4, EAk 1, EBk 1, UPDk 1.

D3M baliogabeak, berriz, 7, bere botoak kontuan hartuko balira. Azken horiek kontuan hartuz gero, alderdien eserleku banaketa hauxe litzateke: EAJk 28, PSE-EEk 23, PPk 11, D3Mk 7, Aralarrek 4, EAk 1, UPDk 1. EBk batere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.