poliTIKA

EAk eta ezker abertzaleak Gipuzkoarako ere lortu dute akordio estrategikoa

Herrialde horretan "aldaketa politikoa eta soziala" bultzatzeko aurkeztu dute hitzarmena. Itunak hauteskundeekin loturarik ez duela argitu dute bi eragile politikoetako ordezkariek. Prentsaurrekoa eman dute Donostian. Ekainean maila nazionaleko akordioa aurkeztu zuten EAk eta ezker abertzaleak.

2010eko azaroaren 24a
19:13
Entzun
Joan den ekainean EAko eta ezker abertzaleko zuzendaritza nazionalek Lortu arte akordio estrategikoa aurkeztu eta sinatu zuten Bilbon, Euskalduna jauregian, eta gaur Gipuzkoakoa aurkeztu dute alderdiotako herrialdeko ordezkariek, Donostian emandako prentsaurrekoan. Gipuzkoan lortu arte izena jarri diote.

"Gipuzkoako jendarteari aldaketa politikoa eta soziala bultzatzeko eskaintza egin nahi diogu, independentzia erreferentzia gisa hartuta. Indarrak biltzeko garaia da: herritarron unea iritsi da, guztiok dugu zeresana", diote akordioan. "Gipuzkoan ere urrats bat emateko momentua da, aldaketa sakonak modu demokratikoen bidez eskuratzeko garaia da".

Euskal Herriaren independentziaren eta eredu sozial eta ekonomiko aurrerakoi baten alde egiten dutela esan dute EAk eta ezker abertzaleak, eta gatazka konpontzearen beharraz mintzatu dira. "Proiektu politiko guztien arteko konfrontazio politiko askea eman ahal izatea ariketa demokratikoa da, gatazka errotik gainditzea ahalbidetzeko. Bestalde, proiektu politiko horiek biolentzia eta kanpo injerentziarik gabe, soilik bide baketsuak, politikoak eta demokratikoak erabilita, eta pertsona ororen giza eskubideak errespetatuta gauzatu ahalko dira".

Gipuzkoak, beste euskal lurraldeek bezala, "nazio ikuspegia iparrorratz hartuta" aritu behar duela iritzi diote. "Lurraldeen arteko lehiak gaindituz, bikoiztasun zentzugabeak alboratuz, ezberdintasun bidegabeak ekidinez, indarrak eta esfortzuak nazio proiektu batean jarri behar ditugu".

Arlokako irakurketan, besteak beste, Pasaiako kanpo kaiaren eta Hondarribiko aireportuko pista luzatzearen aurka azaldu dira, "egitasmo horiek ez dietelako Euskal Herriaren zein Gipuzkoaren beharrei erantzuten". AHTa ez dute aipatu idatzian; "tren soziala" bultzatzeari eman diote lehentasuna. Gizonen eta emakumeen arteko aukera berdintasuna bermatu behar dela nabarmendu dute, euskaraz ariko den Gipuzkoa euskaldunaren aldeko apustua egin dute, euskal unibertsitatearen proiektuaren alde..

Gipuzkoan lortu arte itunak 2011ko maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeekin loturarik ez duela argitu dute EAk eta ezker abertzaleak.

Iñaki Agirrezabalaga EAko Gipuzkoako koordinatzaileak eta Idoia Aiastui ezker abertzaleko kideak hitz egin dute prentsaurrekoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.