EAk eta Herritarron Garaia independenteez osatutako plataformak beste pauso bat emango dute larunbat honetan, Nafarroarako hauteskunde eskaintza egingo dutelako Lizarran. Pilotalekuan ekitaldia egingo dute, 17:30etik aurrera, Koldo Amezketa EAko Nafarroako zuzendaritzakideak eta Bakartxo Ruiz aipatutako plataformako partaideak gaur arratsaldean Iruñean jakinarazi dutenez.
Maiatzaren 22ko bozetarako ildo nagusiak azalduko dituzte Lizarran, ez zerrendak. Amezketak esan du apirilaren 18ra arteko epea dutela horretarako. "Presa erlatiboa dugu", adierazi du EAko kideak. Azpimarratu dute euren zerrendak ez direla baztertzaileak izango, ezkertiarrak eta abertzaleak diren lagunak hartzeko baizik.
EAk duela aste batzuk jakinarazi zuen Maiorga Ramirez izango dela bere hautagaia Nafarroako lehendakaritzarako eta Eva Aranguren Iruñeko alkatetzarako. Orain astebete pasatxo, ordea, akordioa lortu zuen Herritarren Garaia plataformarekin, eta ikusi egin beharko da azkenean zerrendak nola geratuko diren. Sortu ezker abertzaleko alderdiaren auzia ere hor dago —Espainiako Auzitegi Gorenak egunotan esango du legezkoa den ala ez—.
Atzo Ramirezek adierazi zuen indarrak batzeko asmoaren barruan Sortu "funtsezko eragilea" dela.
EA duela lau urte Nafarroa Bai koalizioan aurkeztu zen, Aralar, EAJ, Batzarre eta independenteen multzo batekin. Desadostasun batzuk medio NaBaitik kanpo geratu da EA —Batzarre ere kanpoan da, bere borondatez—.