Prentsa ohar baten bidez eman ditu EAk Batzorde Eragileak atzo Bilbon egin zuen bileran hartutako erabakiari buruzko azalpenak. "Printzipioz" foru eta udal hauteskundeetara Eusko Alkartasuna gisa, inorekin koaliziorik egin gabe, aurkeztea erabaki zuela agertzen du oharrak.
Nolanahi ere, normalizazio politiko eta bakegintza prozesua sendotzeko aukera ematen duten alderdi abertzale eta demokratikoen arteko akordioak bultzatzeko prest agertu da, "beti defendatu diren planteamenduekin koherentzia mantenduz". Ildo horretatik, EAJrekin indarrean dituen akordioei eustea erabaki duela erantsi du EAk, "gure herriaren eskubide nazionalen defentsan aurrera egiteko".
Erabakia "eztabaida zabalaren" ondorio izan zela zehazten du agiriak. Ez du aipatzen, ordea, zein izan zen indar oreka. Izan ere, zenbait iturriren arabera, oso alde txikiaz irabazi zuen Batzorde Eragileak bakarrik aurkeztearen aldeko hautuak. Iturri horien arabera,Begoña Errazti EAko presidentea eta Joseba Azkarraga Jaurlaritzako Justizia sailburua koalizioaren alde leudeke, Gipuzkoako zuzendaritza bezala. Aldiz, Araba, Bizkaia eta Nafarroako zuzendaritzak bakarrik aurkeztearen aldekoak lirateke, eta baita Unai Ziarreta idazkari nagusia eta Rafa Larreina Eusko Legebiltzarreko bozeramailea ere.
EAko batzar nagusiak ez dauka erabaki hori berretsi beharrik. Atzitik, zuzendaritza nagusiak koalizioaren alde egin izan balu, batzarraren onespena beharko luke gero.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrik aurkeztuko den arren, Nafarroako hauteskundeetara Nafarroa Bai koalizioaren barruan aurkeztuko da, Aralar, Batzarre eta EAJrekin.
Politika
EAk ez du EAJrekin koaliziorik osatuko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Hurrengo udal eta foru hauteskundeetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan "printzipioz" bakarrik aurkeztea erabaki du EAko zuzendaritzak. Horrenbestez, azken urteetan EAJrekin izan duten koalizioa ez dute berriro egingo. Batzorde Eragileak "eztabaida zabalaren" ondoren hartu duela erabakia zehaztu du alderdiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu