Pello Urizar EAko idazkari nagusiak "positibotzat" jo du EAJ ere Nafarroa Bai koalizioan sartu izana -atzo aurkeztu zuten horri buruzko akordioa Aralarrek eta EAJk-, "koalizioa irekita dagoelako beste indarrak sartzeko. Izpiritu horrekin segitu behar da, esparru desberdinak batzeko gaitasuna izan duelako NaBaik".
Koalizioko "akordioa ahal den pluralena" izateko "ahalegina" egin beharko dela adierazi du Urizarrek gaur, Bilbon. 2011ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetarako ere independenteak NaBai barruan nahiko lituzkeela adierazi du EAko idazkariak. "Ezker abertzalea ere proiektu honetan sartzeko ahalegina egin behar da, betiere Madrilgo trabak [Alderdien Legea] desagertuko balira".
Aralarrek eta EAJk egindako hitzarmenaren arabera, NaBain sartu nahiko lukeen alderdiak ezingo lieke barruko eragileei betorik jarri, eta balizko kide berriak koalizioko oinarriak eta irizpide politikoak onartu beharko lituzke. Urizarrek eragileei "akordioa lortzeko malgutasuna" eskatu die.
Nafarroako EAk eta ezker abertzaleak euren arteko akordioa aurkeztu zuten duela bi aste, Nafarroaren "aldaketa" lortzeko, baina ez dituzte hauteskundeak aipatzen.
politika
EAk ezker abertzalea ere Nafarroa Bai barruan nahiko luke, "Madrilgo trabak desagertuko balira"
Pello Urizar idazkari nagusiak koalizioan "akordioa lortzeko malgutasuna" eskatu die eragileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu