euskal presoak

EAk, ezker abertzaleak, Aralarrek, Alternatibak eta ABk euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa deitu dute larunbat honetarako

Bilbon izango da mobilizazioa, 17:30ean hasita Jesusen Bihotza plazatik. Pello Urizar, Tasio Erkizia, Jon Abril, Jon Lasa eta Mertxe Colinak prentsaurrekoa eman dute gaur, Donostian. Presoen eta horien senideen egoera gero eta larriagoa dela deritzote, eta hori bukatzeko "garaia" dela aldarrikatu dute. Espainiako Estatuak Euskal Herriaren kontrako estrategia daukala uste dute. Atzo Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu egin zuen Etxeratek etzirako deitu zuen manifestazioa.

2009ko abenduaren 31
16:03
Entzun
Azo Espainiako Auzitegi Nazionalak euskal presoen eskubideen aldeko urtarrilaren 2ko Bilboko manifestazioa debekatu ostean -Etxeratek deitutakoa-, EAk, ezker abertzaleak, Aralarrek, Alternatibak eta ABk presoen eskubideen aldeko manifestazioa deitu dute gaur.

Bilbon izango da haiek deitutako mobilizazioa, Dagozkien eskubideen jabe, Euskal Presoak Euskal Herrira lelopean. 17:30ean hasiko da, Jesusen Bihotza plazatik.

Pello Urizar (EAko idazkari nagusia), Tasio Erkizia (ezker abertzalea), Jon Abril (Aralarreko koordinatzaileordea), Jon Lasa (Alternatiba) eta Mertxe Colinak (AB) 13:30ean prentsaurrekoa eman dute, Donostiako hotel batean.

Auzitegi Nazionalak atzo emandako debekua, "adierazpen askatasunaren eta biltzeko eskubidearen urraketa zuzena" dela salatu dute EAk, ezker abertzaleak, Aralarrek, Alternatibak eta ABk, eta Espainiako Estatuak "Euskal Herria ukazio egoeran mantentzeko ongi diseinatutako estrategia" daukala uste dute.

Presoen eta horien senideen egoera gero eta larriagoa dela deritzote, espetxe politika "kriminaltzat" jo dute, hori bukatzeko "garaia" dela aldarrikatu dute eta gizartean haiekiko "elkartasun uholdea" eraiki behar dela.

Jakinarazi dutenez, manifestazioa deitzeko ez dira EAJ eta Hamaikabat-ekin harremanetan jarri, bi horiek lehen ez ziotelako atxikimendua agertu Etxeraten ekimenari.

LABek EA, ezker abertzalea, Aralar, Alternatiba eta ABren deiari atxikimendua adierazi dio, eta etzi Bilbora joateko dei egin du.

Auzitegi Nazionalak erabilitako arrazoiak

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eman zuen zuen atzo arratsaldeko seiak aldera Auzitegi Nazionalaren debekuaren berri. Dignidad y Justicia elkarteak aste honetan eskatu dio auzitegiari Etxeraten manifestazioa debekatzeko, eta auzitegiak men egin dio eskaerari. Elkarte horrek manifestazioa galarazteko argudio gisa esan zuen "Askatasuna eta antzeko legez kanpoko taldeen" babesa zuela, eta iaz egin zen ekimenaren gisakoa zela, eta han presoen argazkiak erakutsi zirela. Iaz ere eskatu zuen Dignidad y Justicia Etxeraten manifestazioa debekatzeko, baina orduan auzitegiak ez zion jaramonik egin.

Etxerat presoen senideen elkartearen ustez, "gizartearen nahiaren kontrako erabakia da" atzokoa. Hainbat alderdiren zein eragileren babes zabala jaso zuen hark etzirako deitutako manifestazioak. Euskal presoak Euskal Herrira dagozkien eskubideen jabe lelopean deitu zuen ekimena Etxeratek, eta Aita Donostia plazatik zen ateratzekoa, 17:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.