konponbideari begira

EAk "oztopoak" jarriko dizkio ETAren amaierari buruzko akordioari, ezker abertzalea ez badago

Pello Urizar idazkari nagusiak ohartarazi du Madrilen hitzartutako testua ez dela baliagarria EAEn. Ezker abertzaleak igandean kaleratuko duen agiriaren ondotik Urkulluk adierazi du ezker abertzaleak "hitzetatik ekintzetara" pasa beharko lukeela. Ildo horretan, Aresek ezker abertzaleak ETAri "ordainik gabe" desegiteko eskatzea espero du. 

2012ko otsailaren 24a
18:20
Entzun

Pello Urizar EAko idazkari nagusiak aurreratu du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ETAren amaieraren inguruan egingo duen proposamenari "oztopoak" jarriko dizkiola, akordioa Eusko Legebiltzarrera mugatzen badu. Horretan ezker abertzalearen ordezkaritza ez dagoela gogorarazi du Urizarrek. 

Hala ere, Lopezek proposamena zehaztu arte itxarongo duela azaldu du. Urizarren arabera, lehendakariak badaki Madrilen lortutako akordioa ez dela baliagarria EAErentzat, "herren" geratzen baita.

Lopezek bakegintzarako ekimen berriak proposatuko dituela adierazi du gaur; pasa den asteartean Espainiako Kongresuan hitzartu zuten ETAren amaieraren inguruko testua.

Urkulluk dio ezker abertzaleak "hitzetatik ekintzetara" igaro beharko lukeela

Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak uste dut ezker abertzaleak "hitzetatik ekintzetara" pasa beharko lukeela igandean kaleratuko duen agiriaren ondotik, eta ezker abertzalearen "autokritika sakon" baten beharra azpimarratu du, "bake iraunkorra lortzeko duen asmoaren barruan".

Haren arabera, ezker abertzaleak "kapitulu bat" eskaini beharko lieke ETAren biktimei, horiek adierazpen baten barruan "ezkutatzen" saiatu ordez. Horrekin batera "Izua eragin dutenen aldetik bereizteko" eskatu dio, baita erakunde armatuari "alden dadin" eska diezaiola ere.

"Biktima guztien eta askotariko biktimen inguruan hitz egin daiteke, baina batzuen inguruan premisa etikoen arabera hitz egin behar da", gaineratu du.

Urkulluk esan du "batzuk" ezker abertzaleak pausoak ematearen aldeko pausoak ematen ari direla, hark "pasatzeko eremu errazagoa izan" dezan.

Aresek espero du ezker abertzaleak ETAri "ordainik gabe" desegiteko eskatzea 

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak espero du ezker abertzaleak ETAri "ordainik gabe" desegiteko eskatzea igande honetan Donostiako Kursaleean egingo duten ekitaldian. Aresek "literatura, antzerki eta bitariko adierazpenak" uzteko eskatu dio ezker abertzaleari eta "argi" adierazteko "akatsa izan zela ETAri babesa ematea". Aresek adierazi du ezker abertzaleak aurkeztuko duen testuak ez lukeela "errua banatu behar" ez eta "parekatze eta zuribide onartezinik" egin. 

Donostiako ekitaldia

Ezker abertzaleak esan du igande honetan Donostiako Kursaalean egingo duen ekitaldian «borondate osoa» agertuko duela «bake justu eta iraunkorreko agertokia lortzeko». Publiko egingo duten adierazpena «urrats berria» izango da Aieteko adierazpenean marraztutako bide orrian, eta prozesu demokratikoa sendotzeko balio izango du, haien hitzetan. Adierazpen horrek bost ardatz izango ditu, eta «etorkizunean guztiok garaile izateko agertoki demokratikoaren eraikuntzan» ekarpena izango da. Halaber, azpimarratu dute aro politiko berriak «osotasunezko erantzunak» ematea eskatzen duela, eta eragile politiko guztiak konponbide demokratikoaren aldeko «eragile proaktibo» izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.