Pello Urizar EAko idazkari nagusia abertzaleen arteko elkarlanaren alde agertu da gaur berriro, baina beste eragileei akordioa proposatu aurretik gaia lehendabizi EA barruan hitz egiten ari direla gogoratu du -iragarri zuten ekimena-, eta jakinarazi du barne hausarneka hori urriaren bukaeran amaituko dutela. Haren arabera, orduan hasiko dira beste eragileekin hizketan elkarlanari buruzko balizko akordioaz. "Orain, mezuak botatzen gabiltza".
Barne gogoetan "alderdikide denen iritzia" lortu nahian dabiltzala adierazi du Urizarrek gaur goizean Euskadi Irratian eta, ondorioz, "parte-hartzea sustatzen" ari dela zuzendaritza. Irail hasieran ekin zioten hausnarketari.
Abertzaleek bat egitea nahiko luke, "gizarteak akordioa eskatzen duelako", haren arabera. "EAk inpendentziaren bidea" jorratuko duela hitz eman du, eta "arriskatu" egin dela, "ziur".
Ezker abertzaleari dei egin dio bide zibil eta politikoen alde baino ez egiteko. Bestetik, Urizarrek esan du bere ustez EAJn gaur egun ildo subiranista ez dela nagusi.
"Uxue Barkos da hautagai onena"
Igandean Maiorga Ramirez Nafarroako EAko lehendakariak iradoki zuen bere alderdiak Uxue Barkos izatea nahi duela NaBaiko zerrendaburua 2011ko Nafarroako Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta gaur Urizarrek garbi esan du Barkos dela "hautagai onena" beretzat, "nahiz eta independentea den barkos, ez den EAko afiliatua". Dena dela, gaiaz EAk, Aralarrek, EAJk eta Batzarrek osatzen duten koalizioan hitz egingo dutela adierazi du.
Atzo Aralarrek erantzun zuen berari dagokiola Nafarroako Baiko lurraldeko zerrendaburua aukeratzea. 2007an Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailea izan zen hautagaia.
politika
EAk urriaren bukaeran amaituko du abertzaleen elkarlanari buruzko barne hausnarketa
Pello Urizar idazkari nagusiak dio gogoetaren ondoren hasiko direla hizketan beste eragileekin, eta akordioaren alde agertu da, "gizarteak hori eskatzen duelako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu