Politika

EAko zuzendaritzak ez du espero aldaketarik biltzarrean

Asteburuan egingo du kongresua, Gasteizen. "Beste eragile independentistekin mugimendu subirano demokratikoa" sustatzea da alderdiaren helburua.

2009ko ekainaren 18a
17:17
Entzun
Larunbatean eta igandean egingo du EAk kongresua, Gasteizen, eta Koldo Amezketa alderdiko presidenteorde eta behin-behineko buruak iragarri du ez dutela aldaketarik espero; hau da, zuzendaritzak aurkeztutako txosten politikoa eta barne funtzionamendu proposamena aurrera aterako direla. "Beste eragile independentistekin mugimendu subirano demokratikoa" sustatzea da EAren helburua, Amezketak gaur berriro azpimarratu duenez. "Giza eskubideak, justizia soziala, subiranotasuna eta lurraldetasuna" lirateke oinarriak.

Eusko Legebiltzarrerako martxoaren 1eko hauteskundeetan parlamentari bakarra lortu zuen EAk, eta orduan erabaki zuen ekainerako biltzarra deitzea. Unai Ziarreta lehendakariak, gainera, kargua utzi zuen. Horretaz gain, duela aste batzuk Gipuzkoako EAko zuzendaritzako hamabost kidek alderdia utzi eta Alkarbide alderdia sortu zuten -horiek EAJrekin "lankidetza iraunkorra" izan nahi dute-.

Egitura berrian EAk ez du lehendakaririk izango, eta baliteke Pello Urizar izatea idazkari nagusi. Arrasaten (Gipuzkoa) EAko zinegotzia da Urizar.

456 konpromisariok hartuko dute parte kongresuan. Amezketak jakinarazi du 550 emendakin jaso dituztela, ia gehienak antolaketari buruzkoak.

Lurraldeetako zuzendaritzak irailean hautatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.