nafarroa

EAko zuzendaritzak NaBain jarraitzeko proposamena egin dio Nazio Batzarrari

19:45ean hasi dute bilkura, Gasteizen. Alderdiko zuzendaritzak, era berean, eutsi egin nahi dio ezker abertzalearekin eta Alternatibarekin sinatutako Euskal Herria Ezkerretik akordioari. Aralarrek, EAJk eta NaBaiko independenteek bi apustuetako bat hautatzeko eskatua diote.

2011ko otsailaren 1a
22:26
Entzun
Nafarroa Bai koalizioan segitu ala ez. Horixe erabakiko du gaur EAk Gasteizen, Nazio Batzarrean. 19:45ean hasi du bilkura, eta bertara NaBain segitzeko proposamena eraman du EAko zuzendaritzak, Euskadi Irratiak arratsaldeko zortzietako albistegian esan duenez. Nafarroan bere hauteskunde apustua aipatutako koalizioa dela dio EAko zuzendaritzak, baina Hego Euskal Herri mailan ezker abertzalearekin eta Alternatibarekin sinatua duen Euskal Herria Ezkerretik akordioari eutsi nahi diola, halaber.

Aralarrek, EAJk eta NaBaiko independenteek "Batasunarekin" dituen akordio estrategikoetan Nafarroari dagozkion konpromiso oro baztertzeko exijitu diote EAri, bi apustuetako bat hautatzeko, eta EAk uste du "baldintza berriak" direla horiek. Horregatik deitu du Nazio Batzarrera gaurko.

NaBai sortu zenetik bertatik egon da han barruan EA -2003tik-. Koalizioak foru hauteskundeetan 2007an hartu zuen lehen aldiz parte, eta aurtengo udal eta foru bozetarako lehengo ostiralean egin zuen aurkezpen ofiziala, baina EAko ordezkaritza falta zen. Aralar, EAJ eta independenteen multzo baten ordezkariak izan ziren agerraldian.

Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren ustez, "ez da bidezkoa" bere alderdiari egin diotena Aralarrek-eta. Ez du logikotzat jotzen EAri bermeak exijitzea eta EAJri, aldiz, ez: "Zapaterorekin EAJk itxitako akordioek NaBairen printzipio programatikoei eta politikoei zuzenean erasotzen diete. Guri, ordea, bermeak eskatzen dizkigute. Min ematen digu; EAk urteotan dena eman du, ez bakarrik NaBai sortzeko, baita hura zabaltzeko ere".

Urizarrek atzo zioen ezker abertzalearekin eta Alternatibarekin EAk dauzkan akordio estrategikoek ez dutela arriskuan jartzen NaBai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.