EAren azken gotorlekuak

29 herritan du alkatetza Eusko Alkartasunak. Udal hauteskundeetan ia beti nagusitu izan da EA herri horietan, baina bestelako bozetan EAJ aurretik izan du askotan. Lehia estua izan daiteke oraingoan

Imanol Murua Uria.
2007ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Agurainen, Deban, Urretxun, Zarautzen eta beste hainbat herritan Eusko Alkartasunakoa izan da alkatea beti, 1986an EAJ zatitu zenetik. Udal hauteskundeetan elkarren aurka lehiatu izan diren guztietan nagusitu izan da EA herri horietan, baina hauteskunde orokorragoetan urtetik urtera aldea jan egin dio EAJk, azkenaldiko norgehiagokan nagusitzeraino.

EAk 29 alkatetza ditu gaur egun: hamasei Gipuzkoan, sei Nafarroan, bost Araban eta bi Bizkaian. Horietatik hemezortzi, EAJrekin koalizioan lortutakoak dira. Nafarroako seiak, Bizkaiko biak, Usurbil, Oiartzun eta Okondo dira salbuespenak, bakarrik aurkeztuta lortutako alkatetzak. Orain, EAk bakarrik aurkezteko erabakia berretsi duenez gero, berriro lehiatuko dira nazionalismo historikoaren bi adarrak alkatetzetarako borrokan, aspaldiko partez, herri askotan. Galdera marka nagusi batekin: ea hauteskunde orokorragoetan berreskuratutako nagusigoa udal hauteskundeetan ere lortzeko gauza izango den EAJ, EArentzat tradizio handikoak diren herriotan.

Bi alderdiek badakite udal hauteskundeak oso bestelako plaza direla, eta legealdiz legealdi alkatetzari eutsi dionak abantaila izan dezakeela. Baina EAJ hasi da, Eusko Alkartasunak koalizioari uko egin diola jakin duenetik, 1986ko zatiketan galdutako herri ugarien artean oraindik EAren esku jarraitzen dutenak berreskuratzeko ametsetan.

2004ko Espainiako Gorteetako hauteskundeetan, bi alderdiak bereizita aurkeztu ziren azken aldian, EAJ nagusitu zen EAk alkatetza duen herri gehienetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 23tik 19tan -Nafarroan elkarrekin aurkeztu ziren, Nafarroa Bai koalizioan-. Batzuetan alde handia kenduta, gainera. Lau salbuespenetan baino ez zen nagusitu EA 2004ko bozetan, laurak Gipuzkoako herri txikiak: Asteasu, Bidania-Goiatz, Segura eta Zegama. Hauteskunde orokorragoetan EAJ aurretik izanagatik udal bozetan nagusitzeko joera erakutsi izan du; hala ere, EAk legealdiz legealdi udal horietan guztietan.



ZARAUtz, handiena. Zarautzen, EAk alkatea duen herririk handienean, nabarmena izan zen udal hauteskundeen eta molde orokorragokoen arteko aldea, 1999ko udal hauteskundeetan. Urtebete lehenagoko autonomikoetan nahiko parean izan ziren EA (3.073 boto) eta EAJ (2.734), eta alkatetza lortzeko esperantzan jokatu zuten jeltzaleek. Bi aldiz gehiago atera zuen, ordea, EAk: lau milatik gora boto Maite Etxanizek, gaur egun ere alkate denak, eta bi milatik behera alkategai jeltzaleak.

Aldea handia izanagatik, EA Zarautzen alderdi jeltzaleari nagusitu zitzaion azkeneko aldia izan zen 1999koa: hurrengo urtean, Espainiako Gorteetako bozetan, EAJk boto gehiago atera zituen, alderdiaren zatiketa gertatu zenetik lehenengo aldiz. Handik lau urtera errepikatu egin zen emaitza, baina askoz alde handiagoarekin: 400 bototik gorako diferentzia 2000. urtean, eta 1.300 ingurukoa 2.004an. Eusko Legebiltzarrerako azken bi hauteskundeetan ez dituzte indarrak neurtu, Juan Jose Ibarretxek gidatutako koalizioan aurkeztu direnez.



bermeon koaliziorik ez. Zarautz ez da salbuespena: EAk alkatetza duen herri gehienen hauteskunde emaitzen bilakaera Zarautzen parekoa izan da, Nafarroako sei herrien salbuespenarekin, EA gainetik baitago hauteskunde molde guztietan.

Herri bakoitzak bere berezitasunak ditu, ordea. Bermeok, esate batera. EAJ zatitu zenetik, inoiz ez dira koalizioan aurkeztu, eta inon baino lehia estuagoa izan dute beti bi alderdiek udal bozetan, emaitza harrigarriak emateraino.

Zatiketaren ondorengo bozetan, 1987an, EAk bostehun boto gehiago atera zituen (3.346 batak, 2.821 besteak). Handik lau urtera, aldiz, EAJk irabazi zuen, baina 104 boto eskasen aldearekin. 1995ean berriro EA nagusi, baina boto bakarraren aldearekin! (3.392 batak, 3.391 besteak). Juan Karlos Goienetxeak hartu zuen orduan alkatetza, eta geroztik bera izan da udaleko agintari nagusia. Errazago nagusitu izan da, gainera, hurrengo bi hauteskundeetan. 1999an zein 2003an koalizioari uko egin dion herri gutxietakoa izan da Bermeo.

Bestelako hauteskundeetan, baina, bilakaera beste herrien antzekoa izan du Bermeok: 1998ko autonomia bozetan EAk erraz irabazi bazuen ere (1.600 bozeko aldea), 1996ko, 2000ko eta 2004ko Espainiakoetan EAJk irabazi zion,alde handiarekin azkeneko bietan, gainera (bi mila bototik gorako aldea).



agurain eta beste. Agurainen EAkoa izan da beti alkatea, EAJren zatiketaz geroztik, 1987ko udalhauteskundeetatik. Lehenengo lehia ondo estua izan zen Agurainen, hogei botoren aldea baino ez baitzion kendu EAk EAJri, baina behin alkatetza lortuta, aldea handitzen joan da, 1995era arte: 6 zinegotzi EAk (Iñaki Beraza, gaur egungo alkatea, zerrendaburu zela), eta bakarra EAJk. Baina hurrengo urtean, Espainiako orokorretan, EAJ nagusitu zen, 1998ko autonomikoetan bezala, eta jeltzaleen aldeko diferentzia handitzen joan da bi alderdiak bereizita aurkeztu diren beste hauteskundeetan, EAJk EAren boto kopurua hirukoizteraino 2004an: 258 EAk, 808 EAJk.

Antzeko bilakaera izan dute Deban, Legazpin eta Urretxun ere botoek: udal hauteskundeetan EA ia beti nagusi -Legazpiko salbuespen batekin, 1991n EAJk aurrea hartu baitzuen legealdi bakar batez-, eta hauteskunde orokorragoetan jeltzaleak aurretik, 1996tik Deban, 1998tik Legazpin, eta 2000tik Urretxun.



alkatetza bai, gehiengoa ez. Hernanin eta Oiartzunen ere EAkoa dute alkatea, Jose Antonio Rekondo batean eta Martin Beramendi bestean; baina hauteskunde bilakaera ez da Zarautz, Bermeo, Agurain eta halakoen ildokoa. EAkoa dute alkatea, baina ez dira EAren gotorleku. Aipatutako beste herrietan ez bezala, tradizioz ezker abertzaleak lortu izan ditu boto gehien bi herriotan -eta Gipuzkoako beste herri txikiago zenbaitetan- noizbait alkatetza beste alderdiren baten esku gelditu izan den arren, hauteskunde itunen ondorioz.

1986an EAJ zatitu zenetik behintzat, ezker abertzalea nagusitu izan da udal hauteskunde guztietan bai Oiartzunen eta bai Hernanin, 2003ko bozetan legez kanporatzearen ondorioz EAk alkatetza lortu zuen arte.

Nazionalismo historikoko bi alderdien arteko lehian, dena den, beste herrien antzeko emaitzak izan dituzte azkenaldian: EA aurretik izan da udal hauteskundeetan, bai Hernanin eta bai Oiartzunen, eta EAJ nagusitu izan da hauteskunde orokorragoetan, 2000. urtetik.



NAFARROAKO SEIAK. Nafarroan alkatetza duen sei herritan lehiak oso bestelakoak izango dira. Batean, Baztanen, EAJren eta EAren arteko borrokarik izan ere ez da izango, Nafarroa Bai koalizioan aurkeztuko direlako. Beste bostetan -Bera, Ituren, Lakuntza, Lekunberri eta Sunbilla- ez dira koalizioan aurkeztuko, Eusko Alkartasunak zerrenda propioa izango du, baina alkatetzarako lehia, izatekotan, ez du behintzat EAJrekin izango. 2003ko foru hauteskundeetan, izan ere, EAJk ez zuen zerrendarik aurkeztu ere egin herri horietan.

 

Alkategaiak izendatzeko ordua



Aguraingo alkate Iñaki Berazak eta Asparreneko Jose Luis Antiak, EAko bi alkate beteranoenetakoek, dagoeneko jakinarazi dute ez direla EAren zerrendetan aurkeztuko, koalizioan aurkeztu nahi zutelako, eta ez dute baztertu, gainera, beste zerrendaren batean aurkeztea. Salbuespenak dira, ordea, Iñaki Galdos Gipuzkoako EAko presidenteak ziurtatu baitu herrialde horretako alkateek alderdiko biltzarraren erabakia errespetatuko dutela.

Alkateetako batzuk ez dira berriro aurkeztuko, hala nola Hernaniko Jose Antonio Rekondo eta Urretxuko Peio Gonzalez, baina biltzarraren aurretik jakinarazi zuten udala uzteko asmoa. Berriro aurkezteko asmoa dutenen artean dira, besteak beste, Maite Etxaniz Zarauzko alkatea, Juan Ramon Larrañaga Legazpikoa, Juan Karlos Goienetxea Bermeokoa, Pablo Isasi Amurriokoa, Helena Santesteban Berakoa eta Jose Mari Aierdi Lekunberrikoa.

EAJren eta EAren arteko koaliziorik ez da izango inon, baina litekeena da herri txiki zenbaitetan herri plataformaren baten izenean EAJko eta EAko hautagaiak zerrenda berean aurkeztea, aurreko hauteskundeetan gertatu izan den bezala. Asteasun egingo dute, esate baterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.