Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak adierazi du bakea ez dela iritsi Patxi Lopezen gobernuari esker; haren ustez Lopezek ez baitu bake prozesuan aurrera egiteko iniziatiba politikorik izan.
EAko legebiltzarkideak agerraldia egin du Gasteizen legegintzaldiaz balantzea egiteko. Agirrezabalaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak gizartearen gehiengoaren legitimitaterik eza jasan du legegintzaldi osoan, eta horrek bultzatu du azkenerako bozak aurreratu beharra. EAko kidearen ustez, Alderdien Legearen ondorioz ezker abertzalea Legebiltzarretik kanpo gelditu izanak utzi du gobernua gizartearen babesik gabe. "Lopezek ez du lehendakari gisa jardun, PSE-EEko buru gisa baizik, beti zelatan eta PPren presiopean".
Agirrezabalak esan du gezurra dela Lopezen gobernuak ez dituela murrizketak aplikatu, eta adibidetzat jarri ditu funtzionarioak eta irakasleak jasaten ari diren "sufrimendua". Gogora ekarri ditu, halaber, diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzak gogortzearen ondorioz eta gizarte laguntzak %7 gutxitzearen ondorioz egoera "zailean" dauden herritarrak.
Urriaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako bozei begira, Agirrezabalak adierazi du PSE-EEk, PPk eta EAJk murrizketetan oinarritutako eredu ekonomiko eta sozial bera babesten dutela, eta "modu batean edo bestean" hiru alderdiak elkarrekin bat egiteko prest daudela ohartarazi du. "Benetako alternatiba bakarra EH Bildu da". EAko legebiltzarkidearen ustez, Gipuzkoan argi gelditu da beste politika bat posible dela.