EAren

GIPUZKOA ð Eusko Alkartasunak diputatua galtzeko, hark baino hiru aldiz boto gehiago lortu beharko ditu EAJk edo PSE-EEk.

Imanol Murua Uria.
2008ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Hauteskundez hauteskunde gorabehera handienak izan dituen herrialdea da Gipuzkoa. Hego Euskal Herriko beste hiru barrutietan ez da hainbeste aldaketa gertatu, ez diputatuen banaketan, ez alderdien indar korrelazioan. 1977tik Espainiako Gorteetarako egin diren bederatzi hauteskundeetan, EAJ sei aldiz izan da lehenengo indarra, PSE-EE bi aldiz (1993 eta 1996) eta HB behin (1989). Eta behin baino ez da errepikatu jarleku banaketa, sozialistak nagusi izan ziren bi urteetan, hain zuzen: bi diputatu PSE-EEk, eta bana EAJk, HBk, PPk eta EAk. Aurten, bigarren aldia izan liteke, oso litekeena baita duela lau urteko emaitza errepikatzea datorren igandean: bina EAJk eta PSE-EEk, bana PPk eta EAk. Zalantza bakarra, diputatu banaketari dagokionez, EAk bereari eutsiko ote dion da; eta, eusten ez badio, zeinek eramango duen seigarren akta hori.

EAk, duela hogei urte sortu zenetik, beti diputatua lortu du Gipuzkoan, beti bakarra. 1989an lehenengoz aurkeztu zenean, Inazio Oliveri zerrendaburu zela, bigarrena lortzetik hurbilago gelditu zen, batere ez lortzetik baino -Bizkaian ere Joseba Azkarragak jarlekua lortu zuen-. Hirugarren indarra izan zen orduan Gipuzkoan, PSE-EEren eta HBren atzetik, baina EAJren aurretik. Hurrengo hiru hauteskundeetan estutasunik gabe eutsi zioten ordezkaritzari Xabier Albisturrek -artean EAn-, 1993an,eta Begoña Lasagabasterrek, 1996an eta 2000n. Baina duela lau urte, ezker abertzalearen legez kanporatzeagatik izan ez balitz, diputaturik gabe geldituko zen EA, lehenengo aldiz. Aralarrek aurrea hartu eta Begoña Lasagabasterren jarlekua har zezakeela ere ohartarazi zuten hainbat inkestak, baina, azkenean, EAtik urruti gelditu zen Patxi Zabaletaren alderdia.

Lau urte geroago, kontuak ateratzen ari dira berriro EAn, baina oraingoan goikoei begira gehiago, behekoei baino: hau da, ordezkaria galtzekotan, EAJk edo PSE-EEk kenduko dio, EBk edo Aralarrek baino errazago. D'Hont legeak ez du sekreturik: herrialdean lehenengo indarra izango denak EAren kontura hirugarren diputatua lortzeko haren boto kopurua hirukoiztu egin behar du. EAk duela lau urteko emaitzei eutsi eta 40.000 inguru lortuko balitu, 120.000tik gora lortu beharko lituzke indar nagusiak. PSE-EE ez da sekula Gipuzkoan ehun mila botoetara iritsi, eta EAJk behin bakarrik lortu ditu 120.000 horiek baino gehixeago-1982an-, baina duela lau urte ez zen urruti geratu -115.000-.

Argitaratutako inkesta gehienek EAri eman diote Gipuzkoako seigarren diputatua. Publico egunkariak argitaratutakoa izan da salbuespena: seigarren diputatu hori Aralarrek eramango duela iragarri du. Baina, azken aldiko erreferentziak kontuan hartuta, ustekabe handia litzateke: duela lau urte, EA baino 20.000 boto gutxiago lortu zituen Aralarrek, eta EB aurretik izan zuen gainera; eta iazko foru bozetan, EA baino bi mila boto gehiago bakarrik lortu zituzten EBk eta Aralarrek elkarrekin.

Gipuzkoako sei diputatuetako bost zein izango diren aurreratu daiteke, beraz: Joxe Ramon Beloki eta Joseba Agirretxea EAJtik, Miguel Buen eta Elvira Kortajarena PSE-EEtik eta Jose Eugenio Azpiroz PPtik. Buen eta Agirretxea bakarrik izango da berriak. Seigarren diputatua ere berria izango da: EAko Nekane Altzelai, EAJko Ane Urkiola edo PSE-EEko Ernesto Gasco -Inaki Irazabalbeitiak edo Isabel Lopez Aulestiak ezustea ematen ez badute behintzat-.



LEHEN INDARRA ZEIN. Gipuzkoan oraingoan lehenengo indarra zein izango den ere argitu beharko dute igandeko bozek. Duela lau urte EAJk alde handia kendu zien sozialistei (17.000 boto), baina iazko foru hauteskundeetan PSE-EE nagusitu zen, bost mila botoren aldearekin. Zapatero efektuak Gipuzkoan ere eragina izango duela iragarri dute inkestek, eta PSE-EE nagusi izango dela iragarri dute inkestetako batzuek.

«Abstentzio aktiboak» Gipuzkoan izango du eraginik handiena, ustekaberik ezean. EAE-ANV legezkoa balitz diputatua erraz lortuko lukeela adierazten du duela lau urteko baliogabeen kopuruak, eta bi diputatu ere lor zitzakeela,iazko foru hauteskundeetako baliogabeen kopuruak. EHk duela zortzi urte ez bozkatzea proposatu zuenean, abstentzioa %44koa izan zen Gipuzkoan. Duela lau urte, aldiz,%27,5ekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.