Spainair hegazkin konpainiaren itxiera dela eta, Easyjet hegaldi merkeen konpainia gaur hasiko da Bilboko aireportuan Madrilerako hegaldiak egiten. Berez otsailaren 19an zen zerbitzua hastekoa, baina Spanairrek kiebra egin ostean, aurreratu egin du eguna.
Loiuko aireportua erabiltzen duten bost erabiltzailetatik batek Madrilera joateko erabiltzen du, eta urtean 850.000 dira. Easyjetek egunean lau hegazkin bidaliko ditu Madrilera 06:45etik 19:30era, eta beste hainbeste etorriko dira handik, 07:00etatik 21:10era.
Orain arte Spanairrek eta Iberiak eskaintzen zuten Madrilerako zerbitzua, eta prezioak jaitsiko dituela esanez iragarri zuen zerbitzua Spanairrek. Lehen hegaldietarako txartelak 19 eurotan saldu zituen.
Iberian gaur, greba
Gaurkoa egun nahasia izango da Loiuko aireportuan. Izan ere, Spanairrek zerbitzua bertan behera utzi izanari, Iberiako pilotuen greba gehituko zaio. Madrilerako hegaldiak bertan behera utzi dituzte Iberian, eta handik soilik bi etorriko dira Loiura. Hegaldi merkeen Express konpainia sortu nahi duelako Iberiak dira protestan pilotuak.
Horiez gain, Spanairrek gaurko iragarrita zituen 23 hegaldi geratu dira bertan behera, Madrilera, Bartzelonara eta Tenerifera joatekoak zirenak.