EB, transgenikoen kinkan

Genetikoki eraldaturiko organismoen betoa estatuen esku uzteko proposamena auzitan da Europako Batasunean

EHNE sindikatuko kideak, transgenikoen debeku osoa eskatzen, artxiboko argazkian . RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2010eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Uztailean Europako Batzordeak organismo transgenikoen alorrean aurkeztu zuen proposamena zalantza iturri etenik gabea da. Proposamen horren arabera, Bruselak transgenikoen gaineko arautzean «erantzukizun osoa» EB Europako Batasuna osatzen duten 27 estatuetako gobernuen esku laga nahi du. Bide horretan aurrera egiten bada, estatuen esku egongo da zer organismo transgeniko onartu nahi dituzten erabakitzea, edo horiek galaraztea. Beto eskubidea estatuen esku uzteak, ordea, arazoak ekar ditzakeela nabarmendu dute EBko gobernuetako ordezkariek. Erabakia arazo juridikoen abiapuntua izan daitekeela jakinarazi dute, eta Munduko Merkataritza Erakundeak (OMC)ezarritako irizpideak apurtzeko arriskuaz ere ohartarazi dute.

Beto eskubidea auzitan jartzen duten herrialdeen artean, posturarik gotorrena Espainiak, Frantziak, Alemaniak, Italiak eta Poloniak dute. «Merkatu harmonizatu batean», estatu batzuk zenbait ekoizpeni ateak ixteaarazoak eragin ditzakeen «salbuespena» dela argudiatu dute. Ildo berean, Europako Batzordeari eskatu diote argi eta garbi azaltzeko, baldin eta proposamenak aurrera egingo balu, zein izango liratekeen estatuek, beto eskubidea indarrean jartzeko, erabili ahal izango lituzketen argudioak.

Europako Osasun komisario John Dallik proposamena datorren urtean aurkeztu nahi dutela berretsi zuen atzo,baina aitortu zuen hainbat xehetasun tekniko aztertu behar dituztela aurretik. Momentuz, argibide gutxi eman ditu. Nolanahi ere, atzo eginiko agerraldian aurreratu zuen transgenikoei betoa ezartzeko ezingo direla «ingurumenarekin eta osasunarekin» lotutako argudioak erabili. Gizartearekin, ekonomiarekin eta politikarekin lotutako argudioak baino ezingo dira erabili. Beto eskubidearen kontra ari diren estatuek behin eta berriro ohartarazi dute osasun arloko eta ingurumen arloko motiboak aintzat hartzeak izan dezakeen arriskuaz; izan ere, gogorarazi dute, estatu batean osasunarentzat edo ingurumenarentzat kaltegarritzat hartzen dena nekez har daitekeela egokitzat Europako Batasunaren legedian.

Desadostasunak

Europako Batzordeak jarrera hobeto argitzen ez duen bitartean, duda gehiegi daude. Litekeena da datozen hilabeteetan argitzea. Hungariak hartuko du urte berriarekin batera Europako Batasuneko presidentetza, eta auzi hau agendako lehendabizikoetarikoa izango dela ohartarazi du. Egun, EBn soilik bi dira landa daitezkeen landare transgenikoak: MON819 arto mota eta Amflora patata. Beste 17 organismo pentsutarako onartzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.