Anartz Toledo. Gose grebalaria

«Ebazpena noiz iritsiko zen ez jakitea izan da gogorrena»

Hodei Iruretagoiena
Donostia
2012ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Anartz Toledok astebete egin du gose greban Donostia Ospitalean, beste 31 lagunekin batera. Oporren itzuleran, Josu Uribetxebarria presoaren egoera eta inguruan sortu zen erreakzioa ikusita, joan zen asteko ostegunean erabaki zuen bere «ekarpen txikia» egitea.

Gogorra izan al da prozesu guztia hainbeste luzatzea?

Gogorra izan da ebazpena noiz iritsiko zen ez jakitea; bai guregatik, bai Josurengatik, eta nola ez, gose greban zeuden preso mordo baten senideengatik, haiek ere gure artean egon direlako. Josuk eta gose grebalariok eman dugu aurpegia, baina hemen egunero hamabi orduz elkarretaratzean jende mordoa egon da.

Nola bizi izan zenuten epaia eman zen eguna?

Zurrumurrua iritsi zen, 14:00ak eta 15:00ak artean izango zela ebazpena. Denak altxatu ginen, telebistak etorri ziren... luze joan zen. Azkenean, 20:45ean iritsi zen berria. Oso momentu polita izan zen, artean letra txikia irakurri gabe genuela jakin arren. Izan ere, horrenbeste egunez hemen egon garen jende guztia, senideak, norbanakoak... Egia esan, oso momentu bereziak izan ziren. Aspaldi gertatu behar zuena zen, eta azkenean legea betetzea ospatu dugu, ez dugu oparirik jaso. Legea betetzea ospatu dugu; Estatu demokratiko batean, nahikoa harridura sortzen duen egoera bat.

Eta orain, zer?

Presoen gaiak lehentasuna eskatzen du. Oraindik hamahiru preso larri ditugu. Aurrena horiek etxeratu beharko dira, eta gero preso eta iheslarien gaiari aterabidea aurkitu beharko zaio, gatazka konpondu nahi baldin bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.