Lizartzako (Gipuzkoa) alkate Regina Otaolari "heriotza mehatxuak" egin zizkiola argudiatuta, Pello Olano epaitu dute gaur Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Haren kontra sei urteko kartzela zigorra eta kartzelaldia bete ondoren hamar urtez bere herrira eta Otaolarengana hurbiltzeko debeku eskaera berretsi du fiskalak. Otaolak esan du "ETAren begipuntuan sentitzen" dela, eta Olanok ukatu egin du "Otaola, hilko zara" oihukatu zionik haren kontra Lizartzan 2007ko irailaren 7an eginiko protestan. Orain epaileak ebazpena kaleratzea geratzen da.
Lizartzako zerrendarik bozkatueneko (EAE-ANV) bigarren hautagaia izan zen Pello Olano azken udal hauteskundeetan (186 boto), baina Espainiako auzitegiek zerrenda baliogabetu zutenez, soilik 27 boto eskuratu zuen hautagaia, PP Alderdi Popularreko Regina Otaola izendatu zuten alkate.
Otaola 1995tik Eibarko (Gipuzkoa) PPko bozeramalea izan zen. 2007ko udal bozetan Eibarren eta Lizartzan aurkeztu zen. Eibarren zinegotzi atera zen baina aktari uko egin, eta Lizartzako alkatetza eman zioten, polemika eta haserre handiaren artean. Egun hartatik gatazka handiak sortu ziren Lizartzan, 27 boto baino ez zituelako lortu, boto guzien %7 inguru eta baliozko bozken %15 inguru. EAJk bozka zuria eskatu zuen (emandako bozen %40 inguru) eta EAE-ANV legez kanporatua izan zen. Hala ere hau izan zen herritar gehienen boto lortu zuena, %52, baina baliogabetzat hartu zituzten. Duela hilabete batzuk, herritar talde batek bultzatutako ekimena sinatu zuten Lizartzako 402 bizilagunek (hauteskunde erroldan 505 daude), Otaolak alkatetzatik alde egin dezan eskatzeko.
Otaolak gaurko epaiketan azaldu du "Olanok mehatxatu" zuenetik areagotu zaiola "ETAren jomuga" izatearen sentsazioa. "Batzuek mehatxatzen dute, eta beste batzuek atzetik etortzen dira, lepoan tiro egitera". Haren hitzetan, 2007ko irailaren 7an (herriko jaietan) udaletxean ikurriña, Lizartzako bandera eta Espainiakoa igotzera zihoazela, horren kontra protestan zebiltzanen artetik ezagutu zuen Olano, eta "Otaola, hilko zara!" esan zion. Horren aurrean, "errepikatu hori" esan omen zion Otaolak Olanori, baina PPko kidearen esanetan, Olanok ez zuen erantzunik eman.
Protesta hori kontrolatzera joandako ertzainetako lauk Otaolaren bertsioa babestu dute, eta esan dute "inolako dudarik gabe" entzun zutela Olanoren esaldi hori, "Otaola eskuarekin seinalatzen zuen bitartean".
Olanori dagokionez, bere abokatuaren galderei soilik erantzun die. Nabarmendu du inoiz ez ziola PPko ordezkariari heriotza mehatxurik egin, eta egun hartako protesta elkarretaratzean soilik Regina kanpora, PP kanpora eta Gure ikurriña leloak oihukatu zituztela, ez besterik.
Akusatuak eta defentsaren hiru lekukok adierazi dutenez, elkarretaratzearen helburua Espainiako bandera udaletxean jartzeko erabakiaren eta demokrazia ezaren aurka protesta egitea zen. Ezker abertzaleko zerrenda legez kanporatu ondoren, "PPko alkatea ezarri" zietela nabarmendu dute.
2003ko udal hauteskundeetan ere antzeko zerbait gertatu zen; orduan EAJko hautagai Joseba Egibar (Andoaingoa eta Otaola bezala Lizartzan bizitza egin gabea) izendatu zuten alkate, polemika artean.
Epaiketa
Ebazpenaren zain geratu da Lizartzako herritar baten kontrako epaiketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu