hauteskundeak

EBBk Urkullu proposatuko du EAJren Jaurlaritzako lehendakarigai izateko

Afiliatuek berretsi beharko dute proposamena, baina beste hautagairen bat aurkezteko aukera ere izango dute. Uztailaren 5ean bukatuko du prozesua EAJk. Urkullu da EBBko presidentea, baina berak ez du parte prozesuan.

2012ko maiatzaren 21a
18:42
Entzun

EAJko Euzkadi Buru Batzarrak (EBB) Iñigo Urkullu proposatuko du Eusko Jaurlaritzako lehendakarigai izateko, alderdiak arratsaldean jakinarazi duenez. Aho batez hartu du erabaki hori EBBk, EAJk dioenez.

Hain zuzen, Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko buru batzarretako lehendakariek —Xabier Agirre, Andoni Ortuzar, Joseba Egibar, Manu Aierdi eta Txaro Goikoleak, hurrenez hurren—, Pilar Garcia de Salazar EBBko idazkariak eta Joseba Aurrekoetxea burukideak osatu dute batzordea.

Jaurlaritzako lehendakaritzarako hautagaia eta eusko legebiltzarkidegaiak aukeratzeko prozesua hurrengo egunotan hasiko du EAJk, eta uztailaren 5ean amaituko, alderdiaren Aberri Batzar osoa bilduko den egunean. Afiliatuek berretsi beharko dute EBBren proposamena, baina beste hautagairen bat aurkezteko aukera ere izango dute. 

EAJk aurreko asteetan afiliatuen artetik 25 izenen proposamenak jaso ditu Jaurlaritzako lehendakarigai izateko, eta haien artean zen Urkullu izenak. Beste batzuk: Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohia (1999-2009), Josu Erkoreka Kongresuko parlamentaria, Izaskun Bilbao europarlamentaria, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Andoni Ortuzar BBBko presidentea.

Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeak 2009ko martxoaren 1ean izan ziren, epeak betez gero 2013an garai bertsuan lirateke hurrengoak, baina baliteke aurtengo udazkenera aurreratzea bozak, PPk Jaurlaritzari babesa kendu egin baitio. Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia da lehendakaria 2009ko maiatzetik. EAJk irabazi zituen hauteskunde haiek, Ibarretxe zela lehendakarigai. Bost legebiltzarkideko eta 80.000 botoko aldea kendu zion bigarren indar PSEri.

2007tik EBBko presidentea da Urkullu (Alonsotegi, 1961), Josu Jon Imazen lekua hartuta. EAEko parlamentuko kide izana da —25 urte zituen lehen aldiz parlamentari aukeratu zutenean—, eta EBBn 2000tik dago. BBBko buru ere izana da; 2000an aukeratu zuten. Alonsotegiko EGIn hasi zuen ibilbide politikoa, hamabost urte besterik ez zituela, eta han izan zituen lehenengo ardura politikoak ere: herriko EGIko arduradun aurrena, eta EGIko zuzendaritza nazionalean gero.

Euskal Filologia arloan irakaskuntzan diplomatu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.