Aurretik behin baino gehiagotan iradoki duena argi eta garbi azaldu du gaur Xabier Arzalluz EAJko EBBko egungo presidenteak: orain arte berak izan duen kargua hartzen hurrena Joseba Egibar izatea nahi du. "Egibarrek eta biok lan asko egin dugu elkarrekin helburu berekin. Beraz, iruditzen zait alderdiaren ponentzia politikoa —baldin eta dagoen bezala ateratzen bada— egokien aurrera eraman dezakeena Egibar dela. Berari emango diot botoa", adierazi du Langraizen, zehazki, EAJk alderdiko hautetsi ohiei egin dien omenaldian.
Imaz, berriz, Jaurlaritzan alderdiaren buruzagitzan baino hobeto ikusten duela esan du EAJko egungo presidenteak, eta Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariaren oinordekoa hura izan daitekeela iradoki du. "Imaz ondo dago dagoen tokian; nire ustez, haren etorkizuna Ibarretxeren ildokoa izango da", esan du. "Nik ez daukat inolako gogorik Ibarretxek lehendakaritza uzteko; hobe urte askoan iraungo balu. Baina Ibarretxe ezagutzen dut, eta ez ninduke batereharrituko urte batzuk barrua nahikoa dela esan eta hautagai izateari uko egingo balio". Une hori heltzen denerako "ondo prestatutako" norbait behar dutela esan du Arzalluzek, eta Imaz izan daitekeela pertsona hori adierazi du: "Gobernuburu izateko prestatutako norbait behar dugu, lan hori askoz ere zailagoa baita EBBko gidaritza eramatea baino".
EAJko lehendakaritza berritzeko prozesua
EBBko buru izateko botoa Egibarri emango diola esan du Arzalluzek
Xabier Arzalluz EAJren EBB Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak nahiago du Joseba Egibar bere oinordeko izateko Josu Jon Imaz baino. Lehenago halakorik iradoki badu ere, gaur argi eta garbi esan du Egibarri emango diola botoa. EAJko lehendakaritza berritzeko barne prozesuaren lehen itzulia amaituta, Arzalluzek ez dela hautagai izango jakinarazi dio idatziz jeltzaleen zuzendaritzari, eta, horrenbestez, Joseba Egibar EBBko egungo idazkaria eta Josu Jon Imaz Jaurlaritzako Industria sailburu eta bozeramailea dira lehian dauden bakarrak. Arzalluzen arabera, Egibar Imaz baino hobea da alderdia gidatzeko; Imaz, berriz, Jaurlaritzan ikusten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu