EBk auzitegiei eskatu die erabakia hilaren 18a baino lehen emateko

«Oinarrizko eskubideak ez urratzeko» egin behar luke hori Auzitegiak, Serafin Llamasen irudiko

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Propaganda elektorala ez egitea arrazoitzat jarriz, Ezker Batuak ez zuen ordezkaritzarik bidali Bilboko manifestaziora. Hala ere, Espainiako Auzitegi Konstituzionalari Sorturekin «gehiegikeria politiko eta demokratikorik ez egitea» eskatu dio Serafin Llamas EBko zuzendaritzako bozeramaileak. Horregatik, Sorturen legalizazioa alderdi politikoek izena emateko daukaten azken eguna baino lehen eman dezala eskatu du, hau da, apirilaren 18a baino lehen. «Oinarrizko eskubideak urra ez daitezen, Auzitegi Konstituzionalak erabakiaren berri data hori baino lehen emateko betebeharradauka», adierazi du Llamasek komunikatu baten bidez. EBko bozeramaileak, PP eta PSOE kritikatu ditu era berean, «Sortu legez kanporatu nahi baitute euren ituna udal eta diputazioetara zabaltzeko».

PPk dio ETAri eskatzeko

Leopoldo Barreda EAEko PPko bozeramaileak bere aldetik, manifestazioan parte hartu zuten talde guztiei «ETAren desagertzea exijitzeko» eskatu die. Barredak «Batasunari joko egiten dioten» alderdiak kritikatu ditu, eta «berriz ere oker egingo» dutela azpimarratu du.

Bide horretan, Auzitegi Gorenaren gehiengoak «demokraziaren aurkako mehatxu gogor bat dagoela ulertu» izana da Barredarentzako garrantzitsuena. Eta era berean, «iruzurrik egon ez dadin egin du lan, askatasunaren, demokraten eta erakundeen mesedetan».

Barredarentzat, Sortu «ez da alderdi berri bat, baizik eta Batasunaren marka bat». Horregatik ez da legez kanporatzeaz hitz egin behar, «Batasuna legez kanpo utzi zuen sententzia» betetzeaz baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.