EBk eta AstraZenecak akordioa lortu dute txertoak banatzeko

Akordioaren arabera, botika etxeak 2022ko martxora arteko epea izango du estatu kideen artean dosiak banatzeko. Modu horretan, EBk amaitutzat jo du AstraZenecarekin zabalik zuen auzia.

AstraZeneca txertoaren dosi bat. BAGUS INDAHONO/ EFE
edurne begiristain
2021eko irailaren 3a
11:38
Entzun

Europako Batzordeak jakinarazi du AstraZeneca botika etxearekin akordio batera iritsi dela, oraindik banatu gabe dituen COVID-19aren aurkako txertoaren dosiak estatu kideei emateko. EBk azaldu duenez, laborategiak 60 milioi dosi banatu beharko dizkie estatu kideei iraila amaitu aurretik, beste 75 milioi dosi urtea amaitu baino lehen, eta 65 milioi dosi gehiago 2022ko martxoaren 31 baino lehen. Txertaketa kanpaina hasi zenetik ekainera arte AstraZenecak banatutako beste 100 milioi dosiak aintzat hartuta, botika etxeak denera 300 milioi dosi banatuko ditu; hain justu ere, bi aldeek sinatutako kontratuan jasotako kopurua da hori. Akordio horrekin EBk amaitutzat jo du botika etxearekin zuen auzia.

Europako Batasunaren eta AstraZeneca etxearen arteko liskarra duela zenbait hilabete hasi zen: EBri zegokion dosi kopurua espero baino beranduago emango ziola iragarri zio konpainia horrek urtarrilean, eta ordutik kontu eske aritu da Brusela. Europak behin eta berriz eskatu dio botika etxeari konpromisoak betetzeko eta hasieran hitzemandako dosiak EBri emateko, baina AstraZenecak atzerapena justifikatu izan du argudiatuz, besteak beste, txertoa ekoizteko EBko herrialdeetan dituzten fabriketako batean arazoak izan dituztela ekoizpenarekin. Apirilean, Europako Batzordeak auzitara jo zuen AstraZeneca farmazia enpresaren kontra, txertoaren banaketan izandako atzerapenengatik. Haatik, Belgikako justiziak epaia eman aurretik itxi dute akordioa EBk eta AstraZenecak, eta, modu horretan, amaitutzat eman dute zabalik zuten auzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.