EBk kamioiei ingurumen tasa ezartzea onartu du

Europako Batasuneko garraio ministroek onartu duten akordioak ibilgailu garbienei ere eragingo die

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Kutsadura eta zarata eragiten dituztela eta, aparteko tasa bat ordaindu beharko dute garraiolariek. Horren aldeko akordioa egin zuten atzo EB Europako Batasuneko garraio ministroek. Negoziazio luze eta zailen emaitza izan da ituna. Ia bi urte egin dituzte eztabaidan. Izan ere, hainbat herrialde, tartean Espainia eta Italia, uzkur agertu dira erabakiarekin. Aldaketak garraiolarien sektorean izan ditzakeen ondorioekin kezkatuta agertu dira, besteak beste. Hala ere, ez dute erabakia atzeratzea lortu. Europako Parlamentuan eman beharko diote orain oniritzia erabaki horri; estatuak, nolanahi ere, gero ez dira egongo indarrean jartzera derrigortuta. Frantziak gogoz sustatu du tasa berria, eta aurki ezarriko duela uste da; Espainia, aldiz, uzkurragoa da.

Aurrera badoa, estatuek malgutasuna izango dute tasa nola ezartzen duten erabakitzeko; kasu guztietan 3,5 tonatik gorako ibilgailuei ezarriko zaie. Energia kontsumo garbiena duten ibilgailuei tasa hori ez ezartzeko eskaria egin zuen, besteak beste, Espainiak; baina horretan ere ez du lortu arrakastarik. Soilik onartu da euro V kategoriako ibilgailuek 2013 amaiera arte tasarik ez ordaintzea, eta euro VI kamioietan 2017ra arte atzeratzea.

Hasieran proposatu zenaren kontra, tasa berezi horren bidez lortzen diren irabaziak, ez dira derrigorrean, garraiobide iraunkorrak garatzera bideratuko.

Garestitzeak

Atzo garraio ministroek egindako akordioan aintzakotzat hartzen da, zirkulazio handieneko orduetan, bidesariak garestitzeko aukera ere. Hartara, errepideetan ibilgailu gehiegi pilatzea saihestu nahi dute. Hasiera batean garestitzea gehienez ere %300ekoa izango zela esan zuten, baina, azkenean, hori mugatzea lortu dute, eta gehienez ere %175 garestitu ahal izango dira bidesariak. Garestitze hori, halaber, gehienez eguneko bost ordutan ezarri ahal izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.