«Europako Batasuneko helduen %70 guztiz txertatuta daude. Eskerrak eman nahi dizkiet lorpen honetan lagundu duten guztiei», Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek pozarren jakinarazi du gaur albistea, baina bertan goxo ezin dela geratu ere argi esan du: «Harago egin behar dugu. Herritar gehiago txertatu behar ditugu Europan, eta munduko gainerako tokietan ere txertoak jartzen lagundu behar dugu».
Osasun komisario Stella Kyriakidesek esan du portzentaje horretara helduta «benetako mugarria» jarri dela. Izan ere, usu nabarmendu izan dute osasun agintariek herritarren %70 txertatzea erabakigarria izan daitekeela taldeko immunitatea lortzeko, eta izurriari aurre egiteko. Izurria bizi dago oraindik, hala ere, eta gero eta iritzi zabalduagoa da oraindik ere, ehuneko handiagorik lortu gabe, zaila izango dela izurria kontrolatzea.
Txertaketak egun ez du guztiz eragozten gaitzaren transmisioa. Birusaren aldaerak, gainera, ugaritzen ari dira, eta horrek zaildu egiten du dena. Horregatik, adi jarraitzeko deia egin du Kyriakidesek ere. «Ezin dugu hemen geratu. Aldaera berrien ondorioz, %70a gainditu egin behar dugu, seguruago egoteko».
Europako Batzordeak xede gisara jarria zuen helduen %70 txertatzea uda amaitu aurretik. Helburua lortuta ere, aldeak badira. Irlandan, adibidez, helduen %85,5 daude txertatuta, Bulgarian, %20. «Arrakala» horiek apaltzera egin nahi du orain Europako Batzordeak. Txertoaren hirugarren dosi bat jartzea aztertzen ari dira hainbat herrialde baina Botiken Europako Agentzia EMAk ez du eman horren gaineko onespenik.
Hego Euskal Herrian txertaketa pauta 2.027.565 lagunek osatu dute; herritarren %70eko langa gainditu du.