Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako ordezkari Catherine Ashton Egiptora joango da gaur, herrialdeko indar demokratikoei herritar guztiak biltzen dituen prozesu politiko bati ekin eta ahalik eta azkarrena prozesu demokratikoaren alde lan egin dezaten. "Alde guztiak barne hartzen dituen prozesu politikoa behar du Egiptok, demokrazia babesten duten indar guztiek parte hartuko dutena", adierazi du Ashtonek.
Adli Mansur Egiptoko behin-behineko presidentearekin, Hazem al-Beblaui lehen ministroarekin eta beste indar politikoetako eragileekin elkartuko da Ashton Egipton. Anaia Musulmanen alderdi politiko Askatasuna eta Justiziako bi liderrekin ere bilduko da: Amr Darrag eta Mohamed Bishrrekin, Gehad el-Haddadek Twitter bidez jakinarazi duenez.
Ashtonek igandean egindako adierazpenetan adierazi zuen armadak "botere zibilaren aginpidea onartu eta errespetatu behar duela, gobernantza demokratikoaren oinarrizko irizpidea baita". Ahalik eta epe laburrenean hauteskundeak antolatzeko galdegin zion Egiptori, eta aldi berean, atxiloketa politikoak eten eta preso politiko guztiak askatzeko eskatu zion.
Estatu kolpea aitortzea saihestuz
Europako Batasunak bezala, AEBek ere ez dute onartu Egipton gertatutakoa estatu kolpea denik. Hala egingo balute, legez eten beharko luketelako Egiptori emandako laguntza oro.
William Burns AEBetako idazkariordea ere Egipton izan zen igandean eta astelehenean. Bertan Egiptoko behin-behineko agintariak ohartarazi zituen, esanez herrialdeko alderdi nagusietariko bateko kideak atxilotu edo albo batera utziz gero elkarrizketa eta guztien parte hartzea ez dela posible. Aldi berean, Anaia Musulmanei modu baketsuan prozesu politiko berrian parte hartu dezatela eskatu zien.
Hasiera batean ezetz esan bazuten ere, Burnsek Anaia Musulmanen ordezkari batekin hitz egiteko aukera izan zuen Egipton egon bitartean. Telefonoz hitz egin zuten, "arazo logistikoak" tarteko, aurrez aurre egoteko aukerarik izan ez zutelako. AEBek ere, "sektore guztiak barne hartuko dituen" prozesu politikoaren alde egin zuen.