BERRIAk jakin duenez, Ricardo Ortega Lasarte-Oriako zinegotzia proposatuko du EBk mankomunitateko lehendakari izateko. Beraz, Ortega izango da, ezusterik izan ezean, hiri hondakinen kudeaketaz arduratzen den Gipuzkoako mankomunitaterik handieneko burua. Lehendakariorde kargurako Imanol Azpiroz Usurbilgo zinegotzia eta Zubietako Herri Batzarreko alkatea proposatuko du EAE-ANVk. Bai Ortega eta bai Azpiroz errauste plantaren aurkako herri mugimenduan ibiliak dira azken urteotan.
Gordailuzain izateko Pavel Viñas Oiartzungo zinegotzia aurkeztuko du EAE-ANVk, eta azken orduko ezustekorik izan ezean, gehiengoa lortuko du kargu horretarako. Izan ere, bi alderdi horietako ordezkarien botoek gaur eratuko den San Markosko Mankomunitateko Batzarreko gehiengo osoa lortuko dute. EBk bost ordezkari eta 47 boto izango ditu batzarrean; eta EAE-ANVk zazpi ordezkari eta 39,5 boto. Guztira, 86,5 boto izango dituzte, gehiengo osorako behar diren 79 botoak aise gaindituta.
PARTZUERGORAKO ERE ADOSTASUNA. Mankomuniateko zuzendaritza karguak banatzeaz gain, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergora joango diren hiru ordezkariak hautatu behar dituzte gaurko bilkuran. Eta hor ere ados jarri dira EB eta EAE-ANV.
San Markosko Mankomunitateari hiru ordezkari dagozkio partzuergoan. Horietako bat EBk hartuko du; beste bat EAE-ANVk. Hirugarren kargurako zalantza geratzen bada ere, litekeena da Donostiako PSE-EEko ordezkaria izatea hautatua. Izan ere, hiri horretako udal akordioan EBk hitzartu du PSE-EErekin haren aldeko hautagaiari botoa emango diola partzuergorako. Gauzak hala, Denis Itxaso Donostiako zinegotzia izan daiteke hirugarren ordezkaria, PSE-EEren eta EBren botoekin.
Gaurko Batzar Nagusian aurreko legealdian aritutako ordezkariek karguak utziko dituzte udal ordezkari berrien eskuetan. Aurreko legealdian EAJ-EAko ordezkariek zuten gehiengoa mankomunitatean, eta Fermin Lorza izan zen lehendakari.
EAE-ANV eta EB alderdietako iturrietatik kazeta honek jakin duenez, hiri hondakinen inguruan egin beharreko politikari buruz adostasuna dago bi alderdien artean. Hain zuzen ere, bien apustua da Zubietan egin nahi duten errauste planta hondakinez «hustea». Alegia, hondakinak kudeatzeko bide alternatiboak jarri nahi dituzte martxan herriz herri, praktikan erakusteko errauste planta ez dela beharrezkoa.
Hala, etxez etxeko gaikako bilketa jarri nahi dute indarrean. Aldi berean, materia organikoa bereizi eta konpostatze plantak paratu nahi dituzte herrietan. «San Markosen bidez bideratu nahi dugu politika hori, eta ahal dela udal guztien adostasuna lortu, Lasarte-Oriako eta Donostiako udalena barne».
San Markosko gehiengo berria errauste plantaren aurkakoa izango dela, eta tratamendu mota horren aurka «zuzen» joko duela gaineratu dute iturri horietatik. «Gerta daiteke, gainera, errauste planta bertan behera geratzea, eta nahi eta nahi ez bide alternatiboetatik jarraitu behar izatea». Izan ere, gogoratu dute berriki auzitegiek bertan behera utzi dutela Aratzuriko konpostatze plantaren proiektua (Nafarroa), herrigunetik bi kilometrora baino gutxiagora dagoelako. Zubietako errauste planta ere bi kilometrora baino gutxiagora dago, eta auzitegietara jo dute hainbat herritarrek proiektuaren aurka. «Lehen haiek erakundeetan zeuden, eta gu herri mugimenduetan; orain, maila berean eztabaidatu ahal izango dugu, erakundeetan. Guk bide alternatiboak jartzen baditugu indarrean, akaso erakundeek ikusiko dute ez dela beharrezkoa errauste planta. Hori da gure apustua».
juan carlos merino Errenteriako alkatea (PSE-EE)
«Zubietako errauste plantaren aurka eginez gero, zaborrak ezingo ditugu inora eraman»
I. P.Donostia
San Markosko Mankomunitateko gaurko Batzar Nagusian «zentzuz eta arduraz» jokatzeko deia egin du Juan Carlos Merino Errenteriako alkateak (PSE-EE).
Zein izango da gaurko bileran PSE-EEren jarrera?
Zalantza ugari dago gaurko bileraren emaitzen inguruan. Errenteriako ordezkarien jarrera behintzat argi geratu da aurreko legealdian. Lehen eztabaida zen ea itxi behar zen eta noiz San Markosko zabortegia. Gaur, kasik itxita dago zabortegia. Parte bat zigilatu da; transferentzia planta eraiki da, Gipuzkoako beste hiru zabortegietara eramateko. Hilabeteren buruan San Markosek ez du zabor gehiago hartuko.
Eta aurrerantzean zer?
Zaborra gutxitzea, berrerabiltzea eta birziklatzea nahi dugu. Jakina, herritarrari azaldu behar zaio birziklatzea ona dela ingurumenarentzat, baina ekonomikoki garestia dela. Kontua da alderdi politiko batzuek ez dituztela gauzak modu horretan ikusten. Uste dute, modu okerrean, konpostatze planta batzuk jarriz, arazoari irtenbidea emango diogula. Baina errealitatea ezagututa, eta beste herrialde batzuetako esperientziak ikusita, ohartzen zara hori ez dela hala. Badira konpostatze plantak, biometanizazio plantak, biolehortzeko plantak... Baina prozesuaren bukaeran, errauste plantak eta zabortegiak daude.
Eta zabortegia alternatiba da, orduan?
Gure arazoa da Gipuzkoako lurraldeak ez duela aukerarik horrelako azpiegitura bat hartzeko.
Beraz, Zubietako errauste plantaren alde jarraituko duzue. Hala ere, PSE-EEren barruan denok ez zaudete ados. Hor dago Lasarte-Oriako kasua.
Egia da. Gaia ezin da sinplifikatu. Ezin da esan batzuk erraustearen aldekoak direla eta beste batzuk kontrakoak. Nik ez dut txalotzen erraustea, baina, iruditzen zait, beste neurri batzuekin batera, beharrezkoa dela. Lasarte-Oriak dio bertan ez duela nahi. Beno, hori ere eztabaidaren parte da. Donostiak ere gauza bera zioen garai batean, eta gaur egun pausoak eman ditu bere lurretan jartzeko.
PSE-EE negoziatzen ari al da beste taldeekin?
Ezin dizut halakorik esan, bakarrik Errenteriako Udaleko ordezkari moduan hitz egin diezaizukedalako. Biharko bilera zaila izango da, baina ez dut uste negoziaziorik dagoenik, ez norabide batean ez bestean. Orain, espero dezagun denok zentzuz jokatzea. Adierazpen asko egin ditugu, aurrerakoi itxura emateko. Baina denbora aurrera doa, eta zaborrekin zerbait egin behar da. Udal ordezkariok modu koherentean jokatu beharko dugu. Zubietako plantaren aurka eginez gero, ondorioa izango da San Markosko zaborrak ezingo ditugula inora eraman. Badirudi datu hori ahaztu egiten zaigula.
Ziurtatuak ditu PSE-EEk EAJ-EAren botoak behintzat?
Izan ditugu elkarrizketak, baina ez dago akordio itxirik. Hala ere, asmo osoa dut modu kontsekuentean jokatzeko, eta behar diren adostasunak egotea, arazoak tamainako erantzuna eskatzen digulako.