Sei kilometroko ibilbidea prestatu dute, musika, dantza eta festa giro ederrean ospatzeko. Jendetza bildu da ibilbide osoan, eguraldia lagun.
Hasiera ekitaldian, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak taldean lan egitearen garrantzia nabarmendu du, hezkuntza sistema "bermatu eta hobetzeko". Horrekin batera, "ausardia" eta "zuhurtzia" eskatu ditu euskal hezkuntzak dituen "erronkei aurre egiteko".
1994an ospatu zuten lehen Araba Euskaraz Lapueblan, Non eta mugan! leloarekin orduan. 1999. urtean antolatu zuten hurrengoa, Alez ale, uztaz uzta goiburu, poliki-poliki baina irmo, urteetan egindako lan mardula nabarmentzeko asmoz, eta, berriro ere, mugara jauzi egingo du jaiak, tinko lanean jarraitzen dutela erakutsi eta aurrera begira dituzten erronkak mahai gainean jartzeko.
1979. urtean eman zituen lehendabiziko pausoak Assa ikastolak, eta egindako ibilbidea zaila izan bada ere, euskara ikasketak Lapueblako mugak gainditzea lortu dute; D ereduko ikastetxe bakarra da eskualdean, eta, Arabakoak ez ezik, Nafarroa eta Errioxako ikasleak ere baditu egun.
Jaiaren bideoklipa:
[YouTube]http://youtu.be/AXQWg5lOmiY[/YouTube]