Ebroren natur balioaren alde, bizikletan

Ibaiaren bioaniztasuna aldarrikatzen ari da Ekologistak Martxan egunotan; Garoñan egin dute geldialdia

Ekologistak Martxan-eko kideak, Burgosen, Cerecedako presan eginiko protestan. EKOLOGISTAK MARTXAN.
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Ebro Biziz martxako kideek Santa Maria de Garoña (Burgos, Espainia) zentral nuklearra ixteko eskatu zuten atzo. Ekologistak Martxan-ek antolatuta, Ebro ibaiaren jaitsiera osatzen ari diren ehun bat txirrindularik Garoñan egin zuten geldialdia, eta bertan beste 50 pertsona inguru batu zitzaizkien. Zentralak ibaira isurtzen dituen «ur oso beroek» Ebroren tenperatura igotzen dutela salatu zuten, eta hura ixteko eskatu.

Ekologistak Martxan taldea Ebro ibaiaren jaitsiera egiten ari da hilaren 9az geroztik. Gutxiago hobeto bizitzeko lelopean, ibaiaren sorlekutik itsasorainoko ibilbidea osatuko dute bizikletaz. Zenbait etapatan oinez ere egingo dute bidea, eta, horiez gain, Ebroko deltatik etorritako hiru txalupa ere lagun dituzte hiru asteetan.

Atzo, ibilbidearen laugarren egunean, protesta egin zuten Garoñako zentral nuklearrean, Burgos iparraldean. Hainbat kartel zabaldu zituzten Garoña berehala ixteko eskatuz. Garoñaren Aurkako Koordinakundeko ordezkariak ere izan ziren ekologistekin batera.

Francisco Castejon Ecologistas en Accion elkarteko energia nuklearraren arloko bozeramaileak kezka azaldu zuen zentralaren egoerarekin. «Gure taldeak azterketa sakonak egin ditu zentralaren isurketek ibaian eragiten diztuten kalteen inguruan, eta Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak behar diren neurriak hartuko dituela espero dugu», adierazi zuen. Martxako koordinatzaile nagusi Diego Jauregik esan zuenez, «guardia zibilek ibilbide osoan zehar jarraitu digute orain arte, eta Garoñan ere izan dira; baina guk gure aldarrikapenak aurreikusi bezala egin ditugu».

Martxa, giro onean

Hogeita bat eguneko martxan, Euskal Herrian, Espainian eta Katalunian zehar jarraituko diote Ebroren bideari ekologistek. Geldialdiak egingo dituzte urtegiak, presak, zentral nuklearrak, industria kutsakorrak eta ingurumenari kalte egiten dioten gainerako azpiegiturak salatzeko. Klima aldaketaren ondorioz, Ebro ibaiaren bioanizatasun berezia eta bertako ekosistema aberatsa arriskuan daudela ohartarazi nahi dute ekologistek, eta gizartea horren jakitun izan dadin antolatu dute martxa.

Ibilbideko 865 kilometroak ez dira ari egiten ekologistak bakarrik. Ibaia babestu nahi duten herritarrek ere bat egin dute martxarekin. Oro har, 50 pertsona inguruk osatuko dute ibilbide osoa, baina egunerokoan 88 kidek osatzen dute taldea. Asteburuetan, ostera, jende gehiago biltzen da, eta haur eta erretiratuek ere taldearen erritmoari jarraitzen diote. «Giro oso ona dago taldean, eta ekologista ez direnek ere asko gozatzen dute, Ebroko paisaiak zoragarriak baitira», adierazi du Jauregik.

Egun osoan bi, hiru eta lau ekintza inguru egiten dituzte. Erakusketak, hitzaldiak, haurrentzako tailerrak eta kontzertuak antolatu dituzte zenbait tokitan, eta era guztietako jendea joan daiteke bertara. Jauregik azaldu duenez, hainbat mugimendu sozialek beraiekin bat egin dute. «M-15 mugimendukoak ere gurekin izan dira egun batzuetan, eta beren babesa eman digute».

Ekologistak Martxan-en arabera, klima aldaketaren ondorioez «asko eta luze» hitz egin da. Hori dela eta, eztabaidagaia aldatzeko garaia dela uste dute. «Orain, klima aldaketak ekarriko dituen kalteak nola saihestu aztertu behar dugu, eta, horretarako, ezinbestekoa da bizi-maila bermatuz natur baliabideak modu arduratsuan kontsumitzea», azaldu du Castejonek.

Zentral nuklearren kasuan, epeka itxi ditzaten nahi dute ekologistek, Burgosko zentraletik hasita. «Garoñakoa Fukushimakoaren garai bereko zentrala da, eta larrialdi egoera batean Japoniako plantak bezala erantzungo luke; hau da, ez daude prest horrelako hondamendiak jasateko», nabarmendu du Ecologistas en Accioneko energia nuklearraren inguruko bozeramaileak. Ingurumenarentzat arriskutsuak direla gaineratu du, eta energia lortzeko modu berriak behar direla.

Ega Biziz

Lizarrako (Nafarroa) Ekologistak Martxan taldeko ordezkariek ere Ega ibaiaren jaitsiera antolatu dute astebururako. Larunbatean Lizarratik irtengo dira bizikletan, eta igandera bitarte Lodosarainoko ibilbidea osatuko dute parte hartzaileek.

Ebro Biziz martxako txirrindulariekin elkartuko dira, eta haiekin batera ibaiaren egoeraren inguruko azalpenak jasoko dituzte. Hala, ibaiak inguruko lur eta herrietan duen garrantzia ikusi ahal izango dute, baita ibaiak berak jasaten dituen erasoak ere. Deikazteluko Giza Etxean igaroko dute gaua, eta, horretarako, zakuak eta lotarako azpikoak beharrezko dituzte parte hartzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.