Edanda egotea aringarri hartu dute sexu eraso batean

Epaile batek urtebeteko espetxe zigorra jarri dio 2008ko sanferminetan andre bat bortxatzen saiatu zen gizon bati

Erredakzioa
Iruñea
2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Nafarroako Lurralde Auzitegiko epaile batek urtebeteko espetxe zigorra jarri dio gizon bati, 2008ko sanferminetan konorterik gabe zegoen emakume bati sexu erasoa egiten saiatzea leporatuta. Epaileak aringarritzat jo du gizonak droga eta alkohola hartu izana. Erasotzaileak 500 euroko kalte-ordaina eman beharko dio andreari. Epaiketaren kostuak ere bere gain beharko ditu erasotzaileak.

Epaiak dio biktimak 2008ko uztailaren 9an ezagutu zuela gizona, Iruñean. Biek parrandan igaro zuten gaua, sanferminak zirelako. Bi egun geroago, berriro egin zuten topo, eta sententzian jasotzen denenez, alkohola, kokaina eta lo egiteko pilulak hartzen aritu ziren.Horren ondorioz, andrea konorterik gabe geratu zen handik gutxira. Orduan saiatu zen gizona sexu erasoa egiten.

Inguruan zeuden hainbat pertsonak zer gertatzen ari zen ikusi, eta aurre egin zioten gizonari. Ondoren, foruzainei abisua eman zieten. Gizona bertan atxilotu zuten, eta emakumea Nafarroako Ospitalera eraman zuten. Bi ordu egon zen konorterik gabe.

Epaileak aringarritzat jo du gizonak alkohola, lo egiteko pilulak eta kokaina hartu izana. «Haren ahalmen psikikoetan eragin arina bat izan zuen drogak hartu izanak»;larrigarritzat hartu du, aldiz, emakumea konorterik gabe egotea. Epaia ez da behin betikoa, eta gizonak aukera du helegitea jartzeko.

Atxilotu bat Bilbon

Bestalde, bikotekidea kalean jotzea egotzita, 40 urteko gizonezko bat atxilotu zuen herenegun Ertzaintzak Bilbon. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak emandako datuen arabera, herritar batek eman zien gertatutakoaren abisua ertzainei. Azaldu zien, bikote bat eztabaidan ari zela Deustua auzoko San Pedro plaza inguruan, eta emakumea laguntza eske zegoela.

Inguruan zegoen patruila bat bertaratu, eta ikusi zuen bikoteak eztabaidan jarraitzen zuela oraindik ere. Emakumeak zauriak eta kolpeakzituen aurpegian, Ertzaintzak azaldu duenez.

Biktimak salatu zuen eztabaida izan eta bikotekideak behin eta berriz jo zuela aurpegian. Gizona han bertan atzeman zuten ertzainek, emakumeen aurkako indarkeria leporatuta.

Ertzaintzako ELAk salatu du, berriz, Eusko Jaurlaritzak lekuz aldatu egin nahi duela Ertzaintzakgenero indarkeriaren biktimei kasu egiteko Donostian duen bulegoa. Gaur egun Amaran dago, eta Ondarretako polizia etxera aldatu nahi du. Bulego hori Garraio Sailaren jardueretarako erabili nahi dute. «Ernesto Gascoren apeta bat besterik ez da hori. Uste dugu lehentasuna eman beharko litzaiokeela emakumeen aurkako indarkeriaren biktimen arretari», nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.