Ederbidea aurkeztu dute; Baiona, Iruñea eta Donostia lotuko dituen bidegorria

Nafarroa, Gipuzkoa eta Pirinio Atlantikoetako 12 bazkideren arteko lankidetza proiektua da Ederbidea, "bizikletaren erabilera sustatzeko". 2019rako, bizikletan ibiltzeko 90 kilometro inguru egokitzea da xedea.

jarraia126473.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2016ko irailaren 7a
07:34
Entzun

Kutsadura emisioak murriztea, zirkulazioa arintzea eta biztanleriaren osasuna hobetzea; horiek dira Baiona, Donostia eta Iruñea lotuko dituen Ederbidea bizikletentzako errepidearen helburuak. Gaur goizean aukeztu dute egitasmoa Baionan, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Nafarroako Gobernuko eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko ordezkariek. Hiru lurraldeetako 12 bazkidek parte hartu dute mugaz gaindiko lankidetza proiektuan. Ederbidea 2019rako egonen da prest eta Interreg Poctefa Europako programaren laguntza du; 9,45 milioi euroko aurrekontua du eta %65a Europar batasunak kofinantzatuko du. Gaur egun diren bizikleta errepideen segurtasuna bermatzeko obrak egin eta falta diren zatiak eraikitzea izanen da proiektuaren ardatz nagusia.

Mugaz gaindiko lankidetzaren "lorpen" bezala aurkeztu dute ordezkari guziek. "Mugaz gaindiko harremanak indartu eta lankidetzan aritzeko anbizioa dugu. Horretarako, proiektu konkretuak behar dira; hori eskatzen digu jendarteak", adierazi du Florence Lasserre Pirinio Atlantikoetako kontseilariak. Proiektu "estrategiko" gisa aurkeztu dute Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko presidenteordeak eta Marisol Garmendia Gipuzkoako Foru Aldundiko mugikortasun sailburuak ere.

Erabilpena sustatzea

Garraio Publikoarekin batera bizikletaren erabilera sustatzen dituzten ekintzak aitzina eramatea du xede Ederbidea proiektuak. Hala, txirrindulariek bizikleten ibilbide, ordutegi eta alokairu zerbitzuko informazio "hobea" izanen dutela adierazi dute egitasmoaren bultzatzaileek. Bizikletentzako aparkalekuak ere jarriko dituzte hiri sarreretan, hiriko joan-etorrietan bizikletaren erabilera "errazteko".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.