Pello Sarasola ordezkatzeko pertsona aukeratu du EITBko zuzendaritzak: Edu Barinaga. Datorren astean izendatuko dute Bilboko ekoizlea ETBko zuzendari. Zineman eta telebistan ibilbide luzea du Barinagak. Irakasletzan eta informazio zientzietan lizentziatua da, eta Eusko Jaurlaritzako ikus-entzunezko arduradun kargua bete zuen urte batzuetan. ETBrako egin dituen saioen artean daude Ikus-ikasi, Superbat, Euskaraokea, Betizu eta Bilin-Bolonka. Megavideo ekoizpen etxeko kudeatzailea izan zen. Horrez gain, Baleuko ekoizpen etxea sortu zuen. Gaur egun, Baleukon ari zen lanean.
Dokumentalak ekoizten ere lan handia egin du urteotan Barinagak. Ekoizpenean eta zuzendaritzan, honako beste saio hauetan lan egin du azkeneko denboraldietan: Políticamente incorrecto, Egin kantu, Ordu txikitan, Txikon Xtreme eta Debatea. Animazioan ere aritu da; besteak beste, The Wish Fsh, Blackie & Company, Unibertsolariak eta Olentzeroren saila ekoizten.
Zinemagintzan ere ekoizpen lanetan aritu da Barinaga, besteak beste, Izarren argia, Amaran eskuak eta Gernika bajo las bombas filmetan. Goazen gudari danok dokumentala eta A escondidas filma dira haren azkeneko lanak.