“Hedabideetan gutxi agertzen diren jendearekin hitz egin, haien mundua ikusteko manea jaso eta irakurleei modu erakargarrian aurkezteko gaitasunagatik”, BERRIA egunkariko Edu Lartzangurenek jaso du prentsa idatziko Argia saria. Agenda sailean lan egiten du Lartzangurenek.
Asier Leozek Euskadi Irratian gidatzen duen Portobello saioari eman diote irratiko Argia saria. Hauek epaimahaiaren argudioak: “Musika hautatzeko aparteko gustua erakutsi du, entzuleei behar bezalako testuinguruarekin eskaintzen diote. Musikazaleentzat erreferentziazko saio bat bihurtu da”. Arantxa Kaltzada irrati esatariak jaso du saria Leozen izenean.
Urtarrilaren 12an euskal presoen aldeko manifestazioa egin zuen Herrira mugimenduak. Horretarako atondutako Denbora film laburrarentzat izan da publizitate alorreko saria. “Fikzioaren baliabideak ekitaldi publiko bat iragartzeko egoki erabili ditu”.
Bi webguneri eman diete Interneteko saria: Bertsoa.com-i eta Dantzan.com-i. “Internet bertsotarako eta dantzarako plaza digital bihurtzea eta kulturaren alor horien jarraitzaileei berebiziko zerbitzua ematen” dietela hartu dute kontuan epaimahaiko kideek.
“Gaurkotasunezko gaien jarraipena sakontasunez eta independentziaz lantzea” aitortu diote ETBko Azpimarra saioari. Horregatik eman diote telebistako Argia saria. “Telebista publikoan analisirako eta eztabaidarako honelako beharra zegoen”.
Merezimenduzko Argia saria Euskadi Irratiak jaso du, 30 urteko ibilbideagatik. “Euskararen zabalkunderako tresna garrantzitsua izan da, eta gero eta entzule gehiago lortzen ari da”.