poliTIKA

Eduardo Madina: "Batasuna berriro erakundeetan egotea nahi dut"

PSOEren Espainiako Kongresuko idazkari nagusiaren arabera, "ETAk ohartu behar du indarkeriak zentzurik ez daukala eta bere inguruak politika egiteko duen nahiak merezi duela aukera bat".

2010eko urriaren 25a
10:25
Entzun
Eduardo Madina PSOEren Espainiako Kongresuko idazkari nagusiak adierazi du ezker abertzalea berriz ere erakundeetan egotea ona litzatekeela. "Gauzak ondo ateratzen bazaizkio Batasunari, litekeena da mundu hori atzera berriz politika egiten aritzea", esan du Ser Espainiako irrati katean. "Haiek politika egin dezatela nahi dut eta berriro erakundeetan egon daitezela".

Ezker abertzaleak urratsak egin dituela onartu zuen asteazkenean Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak, eta zioen pauso horiek ez direla "alferrik" izango. Larunbatean Ramon Jauregi Presidentzia ministroak ildo beretik hitz egin zuen: "Gobernuak ezin ditu albo batera utzi Batasunan gertatzen ari diren gauzak. Absurdua eta arduragabekeria litzateke gauzak gertatzen ari dela ukatzea".

Madinak esan du ETAk "ohartu" behar duela "indarkeriak zentzurik ez daukala eta bere inguruak politika egiteko duen nahiak merezi duela aukera bat". Uste du "sekula baino gertuago" dagoela "ETAren bukaera".

ETAk 2002ko otsailean haren aurkako atentatua egin zuen, auto azpian bonba jarrita. Ezkerreko hanka galdu zuen PSOEko kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.