PSOEk badu Espainiako Kongresuko 'bigarrena', bere talde parlamentarioko idazkari nagusia, Ramon Jauregiren ordezkoa: Eduardo Madina. Biak ere euskal herritarrak: Barakaldokoa (Bizkaia) Madina, Donostiakoa Jauregi. Alderdiak atzo jakinarazi zuen azken hori Europako Parlamenturako hauteskundeetan bere zerrendan bigarrena izango dela -Juan Fernando Lopez Aguilar izango da aurrena-, eta gaur jarri du haren ordezkoa Kongresuan.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEko idazkari nagusiak eman du Madinaren kargu berriaren albistea, talde sozialistaren batzarrean. Jose Antonio Alonso da PSOEko talde parlamentariko burua.
33 urte ditu Madinak eta goraipatu egin du Zapaterok. Iaz egin zituzten Espainiako Kongresurako hauteskundeak eta Bizkaitik hautatu zuten -Jauregi, berriz, Arabatik-.
17 urte zituela afiliatu zen PSE-EEn, Sestaon (Bizkaia) bi urtean zinegotzi sozialista izana da eta Espainiako legebiltzarkidea da 2004tik. 2002-2005 artean PSE-EEko gazteen idazkari nagusi izan zen eta 2002ko otsailaren 19an ETAren atentatua jasan zuen: bonba jarri zion ETAk auto azpian eta, zaurien ondorioz, hanka bat moztu zioten.
Politika
Eduardo Madina izendatu dute Ramon Jauregiren ordezko Espainiako Kongresuan
Zapaterok jarri du PSOEko talde parlamentarioko idazkari nagusi postuan. 33 urte dauzka eta Espainiako legebiltzarkidea da 2004tik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu