Eduardo Madinak (Bilbo, 1976) bere burua aurkeztu du PSOEko idazkari nagusi izateko. Espainiako Senatuan eman zuen atzo erabakiaren berri, Ramon Rubial PSOEko presidente izandakoaren bustoaren ondoan. Gaur, Bilbon izango da.
"Munduan kokatzeko, Espainiak modernitate shock bat behar du. Garai berri bat hastea beharrezkoa da, eta horregatik eman dut pauso bat aurrera. Berrantolaketa prozesu sakon bat ezinbestekoa da. Alderdiok ireki egin behar dugu, eta instituzioek gardenak behar dute izan", esan zuen aurkezpenean. "Bizikidetza" landu nahi du, eta "Rajoyren politika zibil eta sozialengatik gaizki pasatzen ari direnak babestu" egingo ditu.
PSOEk uztailaren 26an eta 27an ezohiko kongresua egingo du. Gaurko idazkari nagusi Alfredo Perez Rubalcabak Europako Legebiltzarrerako hauteskundeen ostean iragarri zuen utzi egingo duela kargua —bederatzi diputatu galdu zituzten bozetan—.
Madinak orduan esan zuen PSOEko afiliatu denen iritzia hartu behar dela kontuan —197.000 inguru dira—, ez soilik kongresuan parte hartuko duten mila ordezkariena. Zuzendaritzak onartu egin zuen eskaera, eta hark jakinarazi zuen prest legokeela idazkari nagusitzarako hautagaitza aurkezteko. Uztailaren 13an PSOEko afiliatuek botoa emango dute. Emaitza ez da biltzarrerako loteslea izango, baina zuzendaritzak esan du aintzat hartuko duela.
Pedro Sanchezek, Jose Antonio Perez Tapiasek, Alberto Sotillosek eta Manuel Perez Garciak ere aurkeztua dute hautagaitza.
2004tik Espainiako diputatua da Madina, eta duela bost urtetik, PSOEko talde parlamentarioaren idazkari nagusia. 1999-2001 artean Sestaoko (Bizkaia) zinegotzia izan zen. 2002-2005 artean, berriz, PSE-EEko gazte taldearen idazkari nagusia.
2002an ETAk haren aurkako atentatu bat egin zuen, auto azpian bonba bat jarrita. Hanka bat galdu zuen PSE-EEko kideak.