Edukiontzi txipdunak jartzea erabaki zuten atzo Ordizian egindako herri galdeketan, sistema mistoa baztertuta. Udalak emandako datuen arabera, herritarren %42k hartu zuten parte bozketan, eta horietatik bi heren agertu ziren edukiontzi sistemaren alde.
Atez atekoa hasieratik baztertuta, bi aukera eskaini zizkien udalak herritarrei: sistema mistoa, alegia, errefusa eta organikoa atez ate biltzea, edota hondakin horientzat txip bidez kontrolatutako edukiontziak jartzea. Herritarrek argi egin zuten bigarrenaren alde.
Atez ateko sistema ezarri aurretik, 2012an, %36 zen birziklatze tasa, eta sistema horrekin %75era iritsi dira. Udal talde guztiek bat egin dute: helburua %85 birziklatzea da. Aukeratzen den sistemak horretarako modurik ematen ez badu neurri zuzentzaileak hartuko dituztela erabaki dute.